Josue 11 EAB

Josuek Kanaango iparraldea hartu

1 Israelen garaipenaren berri jakitean, Jabinek, Hatzorko erregeak, mandatariak bidali zizkien inguruetako erregeei: Jobabi, Madongo erregeari, Ximrongo erregeari, Akxafeko erregeari,

2 baita iparraldeko mendialdeko erregeei eta Genesaret aintziraz hegoaldeko Araba basamortukoei, Xefela lautadakoei eta mendebaldean dagoen Dor eskualdeko erregeei ere;

3 orobat, ekialdeko eta mendebaldeko kanaandarrei, mendialdean bizi ziren amortar, hitita, periztar eta jebustarrei eta Hermon mendiaren oinetan, Mitzpa eskualdean, bizi ziren hibiarrei ere.

4 Errege haiek beren gudarosteekin atera ziren: itsasbazterreko hondarra baino ugariago ziren eta zaldi eta guda-gurdi asko zuten.

5 Denek bat egin eta Merom izeneko aintzira ondoan ezarri zuten kanpalekua, israeldarrak borrokatzeko asmoz.

6 Jaunak, ordea, esan zion Josueri: «Ez izan horien beldur! Bihar, ordu honetan, hilda utziko ditut israeldarren aurrean; zuk ebaki horien zaldien hanka-zainak eta erre guda-gurdiak».

7 Josuek, bere gudari guztiekin Merom aintzirara joan eta ustekabean eraso zien.

8 Jaunak eskura eman zizkien israeldarrei eta hauek porrokatu eta pertsegitu egin zituzten Sidon hiribururaino eta Misrefot-Maim hiriraino eta, ekialdetik, Mitzpako haraneraino. Denak hil zituzten, bat ere bizirik utzi gabe.

9 Jaunak agindu bezala, hanka-zainak ebaki zizkien Josuek zaldiei eta guda-gurdiak erre.

10 Ondoren, itzuli eta Hatzor hiria hartu zuen Josuek eta bertako erregea ezpataz hil. Hatzor zen aldi hartan inguru haietako erreinuetako hiriburua.

11 Bertan bizi ziren guztiak ezpataz hil eta erabat suntsitu zituen, bat ere bizirik utzi gabe, eta hiriari su eman zion.

12 Josuek gainerako hiri guztiak hartu eta bertako erregeak ezpataz hil zituen eta erabat suntsitu, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu bezala.

13 Mendi-gailurretan zeuden hiriak ez zituzten erre israeldarrek, Josuek erre zuen Hatzor izan ezik.

14 Hiri haietako ondasunak eta abereak berentzat hartu zituzten israeldarrek, guda-harrapakintzat; gizakiak, aldiz, ezpataz hil zituzten, denak suntsitzeraino, bat ere bizirik utzi gabe.

15 Jaunak Moisesi agindutakoa agindu zion Moisesek Josueri, eta honek bete; ez zuen bete gabe utzi Jaunak Moisesi agindutako ezer ere.

Josuek hartutako lurraldeak

16 Hona hemen, Josuek hartutako lurraldeak: mendialdea, Negev basamortua, Goxen lurraldea, Xefela lautada, Araba harana eta Israelgo mendialdea eta itsasorainoko lautada;

17 hau da, Seir aldera doan Halak menditik Hermon mendi azpiko Libanoko haranean dagoen Baal-Gad hiria arteko lurralde osoa. Errege guztiak harrapatu eta hil egin zituen,

18 beraien kontra luzaro borrokan ibili ondoren.

19 Israeldarrekin bake-hitzarmena egin zuen hiri bakarra hibiarrak bizi zireneko Gabaon izan zen. Beste guztiak armen indarrez hartu zituzten.

20 Jaunaren erabakiz, burugogorkeriaz lehiatu ziren israeldarrei kontra egiten, israeldarrek errukirik gabe erabat suntsitu eta desegin zitzaten, Jaunak Moisesi agindu bezala.

Josuek Anaken ondorengoak hondatu

21 Garai hartan desegin zituen Josuek Hebron, Debir eta Anabeko, Judako nahiz Israelgo mendialdeetako, Anaken ondorengoak ere: erabat suntsitu zituen beraien hiriekin batera.

22 Ez zen Anaken ondorengorik bat ere gelditu israeldarren lurraldean, Gaza, Gad eta Axdod hirietan gelditu ziren arren.

23 Josuek lurralde osoa hartu zuen, Jaunak Moisesi hitzeman bezala, eta Israeli ondaretzat eman zion eta leinuen artean banatu. Eta, gerrak bukaturik, herrialdea bakean gelditu zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24