Josue 3 EAB

Jordan ibaia igarotzeko prestaketak

1 Josue goizean goiz jaiki zen. Berak eta israeldar guztiek, Xitimdik abiatu eta Jordan ibairaino heldurik, bertan eman zuten gaua, ibaia igaro gabe.

2 Handik hiru egunera, funtzionarioak kanpalekuan zehar ibili ziren,

3 herriari agindu hau emanez: «Apaiz lebitarrek Jaunaren, zuen Jainkoaren, itun-kutxa hartu eta badaramatela ikustean, abiatu zuek ere orain zaudeten tokitik eta jarraitu kutxari,

4 nondik joan jakin dezazuen, lehen inoiz ere bide horretan ibili gabeak baitzarete; baina ez hurbildu kutxaren ondora, utzi kilometro inguruko tartea zuen eta beraren artean».

5 Ondoren, Josuek esan zion herriari: «Egizue garbikuntza, Jaunak bihar gauza harrigarriak egingo baititu zuen artean».

6 Eta apaizei esan zien: «Hartu itun-kutxa eta jar zaitezte herriaren aurrean». Apaizak itun-kutxa hartu eta herriaren aurretik abiatu ziren.

7 Jaunak, orduan, esan zion Josueri: «Gaurtik aurrera goratu eginen zaitut israeldar guztien aurrean; horrela jakingo dute ni zurekin naizela, Moisesekin izan nintzen bezala.

8 Eman agindu hau itun-kutxa daramaten apaizei: Jordan ibaiertzera heltzean, gelditu bertan».

9 Josuek esan zien israeldarrei: «Hurbil zaitezte eta entzun Jaunaren, zeuen Jainkoaren, hitzak».

10 Eta gehitu zuen: «Horra zertan igarriko diozuen Jainko bizia duzuela zeuen artean, eta kanaandarrak, hititak, hibiarrak, periztarrak, girgaxtarrak, amortarrak eta jebustarrak zuen aurretik erabat botako dituela:

11 lur osoko jabearen itun-kutxa zuen aurretik igaroko da Jordan ibaian zehar.

12 (Aukera itzazue hamabi gizon, Israelgo leinu bakoitzeko bat).

13 Jaunaren, lur osoko jabearen, itun-kutxa daramaten apaizen oinek Jordan ibaiko urak ukitu bezain laster, ur-korrontea eten eta urak gelditu egingo dira, harresia bailiran».

Ibaian barna igaro

14 Herria ibaia igarotzeko kanpalekutik abiatu zenean, apaizak itun-kutxa hartu eta jendearen aurrean jarri ziren.

15 Uztaroa zen, eta urte-sasoi horretan Jordan ibaia gainezka etorri ohi da. Kutxa zeramaten apaizak Jordanera heldu eta haien oinek ur-ertza ukitu bezain laster,

16 goitik zetozen urak gelditu egin ziren, harresia bezala tente jarriz, eta urak urrutira, Tzartan ondoan dagoen Adam hiriraino, heldu ziren; Araba itsaso edo Itsaso Hilera zihoan ur-korrontea, berriz, erabat eten zen. Eta herria igaro egin zen Jeriko parean.

17 Israel herri osoa lehor-bidetik igaro bitartean, Jaunaren itun-kutxa zeramaten apaizak lehorrean egon ziren ibaiaren erdian, denak igaro arte.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24