Josue 15 EAB

Judaren leinuaren lurraldea

1 Judaren leinuko senitarteei egokitu zitzaien lurralde-zatia, Edomgo muga aldera, Tzin basamortuaren hego-ertzeraino hedatzen zen hegoaldetik.

2 Muga Itsaso Hilaren hego-ertzean hasten zen,

3 eta, Akrabim maldaren hegoaldetik jarraituz eta Tzin basamortua igaroz, Kadex-Barnearen hegoaldetik igotzen zen. Gero, Hetzrondik igaroz, Adar aldera igo eta Karkaa inguratzen zuen.

4 Handik, Atzmondik igaroz, Egiptoko errekara heltzen zen eta Mediterraneo itsasoan amaitzen. Hau zen Judaren leinuaren hegoaldeko muga.

5 Ekialdeko muga Itsaso Hila zen, Jordan ibaia itsasoratzen den tokiraino. Hango itsas adarrean hasten zen iparraldeko muga;

6 Bet-Hogla aldetik igotzen zen eta, Bet-Arabaren iparraldetik igaroz, Rubenen seme Bohan-en Harkaitzeraino zihoan.

7 Muga, gero, Akor ibarrean zehar, Debir-era heltzen zen eta handik iparraldera jotzen zuen, Adumimerako aldapa parean dagoen Gilgalera, errekaren hegoaldean. Gero, En-Xemex errekastotik igaroz, En-Rogel iturburura heltzen zen.

8 Hemendik, Ben-Hinom haranean gora, jebustarren hiria —hau da, Jerusalem— zegoen mendi-hegiaren hegoaldetik igaro eta Hinom haranaren mendebaldean dagoen mendi-gailurreraino heltzen zen, refatarren lautadaren iparraldeko ertzeraino.

9 Mendi-gailurretik, Neftoah errekastoaren iturburu aldera egiten zuen mugak eta Efron mendiko herrixketara luzatzen, gero Baalarantz —hau da, Kiriat-Jearimerantz— okertzeko.

10 Baalatik, mugak mendebalderantz egiten zuen, Seir mendirantz, eta, Jearim mendiaren —hau da, Kesalon mendiaren— iparraldeko hegitik igaroz, Bet-Xemexera jaisten zen. Gero, Timnatik igaro ondoren,

11 Ekron mendiaren iparraldeko hegian zehar, Xikaron aldera okertzen zen eta, Baala mendian barrena, Jabneel-eraino luzatu eta Mediterraneo itsasoan bukatzen zen.

12 Mendebaldeko muga Mediterraneo itsasoa zen.Horra, bada, Judaren leinukoei senitarteka banaturiko lurralde-zatiaren mugak.

Kalebek Hebron eta Debir hartu

13 Jaunak Josueri agindu bezala, Jefuneren seme Kalebi lurralde-zati bat eman zioten Judaren leinukoen artean. Kiriat-Arba —hau da, Hebron— eman zioten, antzina Anaken aita Arbarena izaniko hiria.

14 Anaken hiru ondorengoak —Xexai, Ahiman eta Talmai— bota egin zituen Kalebek hiritik.

15 Handik, Debir hiriko bizilagunen kontra joan zen —ordu arte, Debir hiriari Kiriat-Sefer deitzen zioten—.

16 Kalebek esan zuen: «Eraso eta Kiriat-Sefer har dezanari neure alaba Aksa emanen diot emazte».

17 Kenazen seme eta Kaleben anaia zen Otnielek hartu zuen hiria, eta Kalebek bere alaba Aksa eman zion emazte.

18 Neska heldu zenean, bere aitari lursail bat eskatzera bultzatu zuen Otnielek. Neska asto gainetik jaitsi zenean, galdetu zion aitak:—Zer nahi dun?

19 Aksak erantzun:—Egidazu beste erregaluren bat. Eman didazun lurra elkorra da; emazkidazu urtegiak ere.Orduan, goiko eta beheko urtegiak eman zizkion Kalebek.

Judako hirien zerrenda

20 Hori izan zen Judaren leinuko senitarteek hartu zuten ondarea.

21 Honako hauek ziren Judaren leinukoek hegoaldeko ertzean, Edomgo muga inguruan, zituzten hiriak: Kabtzeel, Eder, Jagur,

22 Kina, Dimona, Adada,

23 Kedex, Hatzor, Jitnan,

24 Zif, Telem, Bealot,

25 Hatzor-Hadata, Keriot-Hetzron —hau da, Hatzor—,

26 Amam, Xema, Molada,

27 Hatzar-Gada, Hexmon, Bet-Pelet,

28 Hatzar-Xual, Beer-Xeba eta inguruak,

29 Baala, Iim, Etzem,

30 Eltolad, Kesil, Horma,

31 Tziklag, Madmana, Sansana,

32 Lebaot, Xilhim, Ain, Rimon: hogeita bederatzi hiri eta beraien inguruko herrixkak.

33 Lautadan honako hiri hauek zituzten: Extaol, Tzora, Axna,

34 Zanoah, En-Ganim, Tapuah, Enam,

35 Jarmut, Adulam, Soko, Azeka,

36 Xaaraim, Aditaim, Gedera, Gederotaim: hamalau hiri eta beraien herrixkak.

37 Tzenan, Hadaxa, Migdal-Gad,

38 Dilan, Mitzpe, Jokteel,

39 Lakix, Botzkat, Eglon,

40 Kabon, Lahmas, Kitlix,

41 Gederot, Bet-Dagon, Naama, Makeda: hamasei hiri eta beraien herrixkak.

42 Libna, Eter, Axan,

43 Jiftah, Axna, Netzib,

44 Keila, Akzib, Marexa: bederatzi hiri eta beraien herrixkak.

45 Ekron eta beraren herri eta herrixkak;

46 Ekrondik itsasoa artean Axdod aldera dauden herri eta herrixkak;

47 Axdod eta Gaza eta beraien herri eta herrixkak, Egiptoko errekaraino. Mediterraneo itsasoa zen muga.

48 Mendialdean honako hiri hauek zituzten: Xamir, Jatir, Soko,

49 Dana, Kiriat-Sana —hau da, Debir—,

50 Anab, Extemoa, Anim,

51 Goxen, Holon, Gilo: hamaika hiri eta beraien herrixkak.

52 Arab, Duma, Exan,

53 Janum, Bet-Tapuah, Afeka,

54 Humta, Kiriat-Arba —hau da, Hebron—, Tzior: bederatzi hiri eta beraien herrixkak.

55 Maon, Karmel, Zif, Juta,

56 Izreel, Jokdeam, Zanoah,

57 Kain, Gibea, Timna: hamar hiri eta beraien herrixkak.

58 Halhul, Bet-Tzur, Gedor,

59 Maarat, Bet-Anot, Eltekon: sei hiri eta beraien herrixkak.

60 Kiriat-Baal —hau da, Kiriat-Jearim— eta Raba: bi hiri eta beraien herrixkak.

61 Basamortuan honako hiri hauek zituzten: Bet-Araba, Midin, Sekaka,

62 Mibxan, Ir-Melah, En-Gedi: sei hiri eta beraien herrixkak.

63 Judaren leinukoek ezin izan zituzten Jerusalemen bizi ziren jebustarrak bota. Horregatik, jebustarrak Jerusalemen bizi dira gaurdaino, Judaren leinukoen artean.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24