Deuteronomioa 26 EAB

Lehen fruituen eskaintza eta fede-aitorpena

1 «Jaunak zeure Jainkoak ondaretzat emango dizun lurraldean sartu, haren jabe egin eta bertan biziko zarenean,

2 Jaunak emandako lurraldeak ekarritako emaitza guztien lehen fruituak saski batean hartu eta Jaunak zure Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokira joango zara.

3 Han, egun haietan zerbitzu-txandan egongo den apaizarengana aurkeztu eta esango diozu: “Gaur Jaunaren zure Jainkoaren aurrean aitortzen dut, Jaunak gure arbasoei zin eginez emango zigula agindutako lurraldera iritsi garela”.

4 «Apaizak zure eskuetatik saskia hartu eta Jaunaren zure Jainkoaren aldare aurrean ipiniko du.

5 Orduan, aitorpen hau egingo duzu Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean:«“Nire aita noraezean zebilen aramearra zen. Berekin lagun-taldetxo bat besterik ez zuela, Egiptora joan eta etorkin bezala bizi izan zen han. Egipton herri handi, ahaltsu eta jendetsu bihurtu zen.

6 Baina egiptoarrek tratu txarra eman ziguten, zapaldu eta esklabotza gogorra ezarri.

7 Orduan, oihu egin genion Jaunari arbasoen Jainkoari laguntza eske, eta Jaunak entzun egin zituen gure garrasiak, errukarri, sufrimenduz josirik eta zapaldurik ikusi baikintuen.

8 «“Jaunak Egiptotik atera gintuen ahalmen handiz eta esku indartsuz, mirari eta egintza harrigarriak eginez, etsaiengan izua sortuz.

9 Eta toki honetara ekarri gaitu, eta esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman.

10 «“Orain, beraz, hemen dakartzat, Jauna, zeuk eman didazun lurreko emaitzen lehen fruituak”.«Hori esanik, Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean ezarriko duzu eskaintza eta beraren aurrean ahuspeztuko zara.

11 Eta festa egingo duzu, zeure Jainko Jaunak zeuri eta etxekoei emandako ondasun guztiengatik eskerrak emanez, zurekin bizi diren lebitar eta etorkinekin batera.

Uztaren hamarrenak eskaintzean otoitza

12 «Hiru urtero hamarrenen urtea izango duzue: uzten hamarrenak bereizi ondoren, zuen hirian bizi diren lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunei emango dizkiezue, zer jana izan dezaten.

13 Ondoren, zuetako bakoitzak adierazpen hau egingo du Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean: “Erretiratu dut etxetik sagaratu beharrekoa, eta lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunari eman diet, zuk, Jaun horrek, agindu bezala. Ez dut zure aginduetariko bat ere hautsi, ez ahaztu.

14 Ez dut hamarrenetatik ezer jan dolualdian, ez dut ezer erretiratu kutsaturik nengoela, ezta hildako bati eskaini ere. Zure esana egin dut, Jauna ene Jainkoa, eta zuk agindutako guztia bete.

15 Begira zeruko zeure egoitza santu horretatik eta bedeinka itzazu Israel zeure herria eta, arbasoei zin egin bezala, eman diguzun lurraldea, esnea eta eztia darizkion lurraldea”.

Jainkoaren eta Israelen arteko hitzarmena

16 «Jaunak zeuen Jainkoak lege eta erabaki hauek betetzeko agintzen dizue gaur: bihotz-bihotzez eta gogo osoz gorde eta beteko dituzue.

17 «Onartu egin duzue gaur Jaunak proposatua, hau da: bera izango duzuela zeuen Jainko, berari jarraituko diozuela, beraren lege, agindu eta erabakiak beteko dituzuela eta esana egingo.

18 «Jaunak ere onartu egin du gaur zuek proposatua, hau da: beraren herri izango zaretela, beraren jabego berezi, berak hitzeman bezala; zuek haren agindu guztiak beteko dituzuela,

19 eta Jaunak, bere aldetik, berak egindako herri guztiei baino ohore, ospe eta duintasun handiagoa emango dizuela, eta beretzat sagaraturiko herri egingo zaituztela, berak hitzeman bezala».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34