1 «Ez du inork bere aitaren emazte batekin sexu-harremanik izango, aitaren eskubidea hautsiko bailuke.
2 «Barrabilak zanpaturik dituenak nahiz irenduak ez du esku hartuko Jaunaren batzarrean.
3 «Sasikumeak ez du esku hartuko Jaunaren batzarrean, ezta haren ondorengoek ere hamargarren belaunaldia arte.
4 «Amondarrek eta moabdarrek ez dute esku hartuko Jaunaren batzarrean, ezta haien ondorengoek ere sekula, ezta hamargarren belaunaldia igaro ondoren ere;
5 izan ere, Egiptotik irten eta honako bidean, ez zitzaizkizuen ogia eta ura eskaintzera atera; moabdarrek, gainera, Beor-en seme Balaam alokatu zuten eta Mesopotamiako Petor hiritik etorrarazi, zuek madarikatzeko.
6 Baina Jaunak zuen Jainkoak ez zion aditu nahi izan Balaami, eta haren madarikazioa bedeinkazio bihurtu zuen, maite zaituztelako.
7 Ez ibili inoiz ere zeuen bizitzan herri horiekin bakea eta adiskidetasuna lortu nahian.
8 «Baina ez mespretxatu edomdarrak, anaiak baitituzue; ezta egiptoarrak ere, etorkin izan baitzineten haien lurraldean;
9 hirugarren belaunalditik aurrera esku hartu ahal izango dute haien ondorengoek Jaunaren batzarrean.
10 «Etsaien aurka borrokatzeko kanpalekua eratzean, gorde zeuen buruak kutsadura orotatik garbi.
11 Norbait, gauean hazi-isuria izanik, garbi ez badago, kanpalekutik atera eta kanpoan geldituko da;
12 arratsaldean uretan garbituko da eta, eguzkia sartzean, kanpalekura itzuliko.
13 «Toki bat izango duzue kanpalekutik aparte eta hara joango zarete premia izatean.
14 Makila bat hartuko duzue zeuekin eta, sabela hustera irtetean, berarekin zuloa egin eta gorotza lurrez estaliko duzue.
15 Leku santua izan behar du kanpalekuak, bertan baitabil Jauna zuen Jainkoa, zuek babestu eta etsaiak zuen esku jartzeko. Eta zuen artean ezer lotsagarririk ikusiko balu, alde egingo lizueke.
16 «Ez itzuli jabeari berarengandik ihes egin eta zuenean babesturiko esklaboa.
17 Zuekin biziko da berak aukeraturiko zuen hirietako batean, gogokoen izango duen tokian; ez duzue zurrupatuko.
18 «Ez da israeldarren artean prostituzio sakratura emaniko inor izango, ez gizonezkorik, ez emakumezkorik.
19 Ez eraman prostituzioan ateratako dirurik Jaunaren zeuen Jainkoaren tenplura botoren bat betetzeko eskaintza gisa, higuingarri baitzaio Jaunari zuen Jainkoari, bai gizonezkoen, bai emakumezkoen prostituzioa.
20 «Zeuen herritarrari zerbait —dirua, janaria nahiz beste edozer gauza— maileguz ematean, ez diozue eskatuko interesik.
21 Atzerritarrari, bai, eskatu ahal izango dizkiozue interesak, baina ez herritarrari, Jaunak zeuen Jainkoak eginkizun guztietan bedeinka zaitzaten jabetzan hartzera zoazten lurraldean.
22 «Jaunari zeuen Jainkoari botoren bat egiten badiozue, luzatu gabe beteko duzue; luzamendutan ibiliz gero, kontu estua eskatuko dizue Jaunak zeuen Jainkoak, eta errudun bihurtuko zarete.
23 Botorik egiten ez baduzue, ez zarete izango errudun.
24 Baina ez jan emandako hitza, zeuen kabuz Jaunari zeuen Jainkoari agindutako botoa bete gabe utziz.
25 «Lagun hurkoaren mahastian sartzen bazarete, nahi beste jan dezakezue; baina ez bildu ezertxo ere saskian.
26 Eta lagun hurkoaren gari-soroan sartzen bazarete, eskuaz har ditzakezue galburuak, baina igitaiaz moztu ez.