1 «Agindu, lege eta erabakiok zuen Jainko Jaunak zuei irakasteko emanak dira, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.
2 Jaunari zeuen Jainkoari begirunea behar diozue izan, bai zeuek eta bai ondorengoek, nik agintzen dizkizuedan beraren lege eta agindu guztiok bizitza osoan betez; hori eginez, luzaro biziko zarete.
3 Onar itzazue, bada, israeldarrok, eta saiatu betetzen. Horrela, zoriontsu izango zarete eta biziki ugalduko esnea eta eztia darizkion lurraldean, Jaunak zuen arbasoen Jainkoak hitzeman bezala.
4 «ENTZUN, ISRAEL: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da!
5 Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz.
6 Izan beti gogoan gaur ematen dizkizudan agindu guztiok;
7 irakatsi behin eta berriro zeure seme-alabei; mintzatu haietaz etxean zaudela nahiz bidean zoazela, oheratzean nahiz jaikitzean;
8 lot itzazu seinale bezala eskumuturrean eta oroigarri bezala bekokian,
9 eta idatzi etxeko ate-alboetan eta hiri-sarreran.
10 «Zeuen Jainko Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez zuei emango zizuela agindutako lurraldean sarraraziko zaituzte. Lurralde horrek zuek eraiki gabeko hiri handi eta ederrak ditu,
11 zuek bildu gabeko ondasun-mota guztiz beteriko etxeak, zuek zulatu gabeko putzuak, zuek landatu gabeko mahasti eta olibadiak. Asetzeraino jan ahal izango duzue.
12 Orduan, ez ahaztu Jauna, Egiptotik, esklabotzatik, atera zaituztena.
13 Begirune izango diozue Jaunari zeuen Jainkoari, bera bakarrik gurtuko duzue eta beraren izenean zin egingo.
14 Ez ibili auzoko herriek gurtzen dituzten jainko arrotzen atzetik,
15 zeuen erdian duzuen Jauna, zeuen Jainkoa, Jainko jeloskorra baita; bestela, haren haserrea piztuko da zuen aurka eta suntsitu egingo zaituzte lur gainetik.
16 Ez tentatu Jauna zeuen Jainkoa, Masan egin zenuten bezala.
17 «Bete arretaz Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizkizuen agindu, lege eta xedapenak.
18 Egin Jaunarentzat zuzen eta atsegin dena, zoriontsu izan zaitezten eta Jaunak zuen arbasoei zin eginez hitzemandako lurralde ederrean sartu eta jabetzan har dezazuen.
19 Jaunak ihes eragingo die etsai guztiei zuen aurretik, berak hitzeman bezala.
20 «Bihar edo etzi zuen seme-alabek galdetzean: “Zer esan nahi dute Jaunak geure Jainkoak agindu dizkigun lege, xedapen eta erabaki horiek?”,
21 hau erantzungo diezue: Faraoiaren esklabo ginen Egipton, eta Jaunak ahalmen handiz atera gintuen bertatik.
22 Jaunak mirari handiak eta egintza izugarriak egin zituen gure begi-bistan faraoiaren eta beraren etxekoen kontra eta Egipto osoaren kontra;
23 gu, berriz, handik atera egin gintuen, eta hona ekarri, gure arbasoei zin eginez agindutako lurraldea emateko.
24 Gero, lege horiek guztiak betetzeko agindu zigun Jaunak geure Jainkoak eta berarenganako begirunean bizitzeko, beti zoriontsu izan gintezen eta bizirik iraun genezan, gaur bezala.
25 Jaunak geure Jainkoak zuzentzat hartuko gaitu, agindu guztiok betetzen saiatzen bagara, berak agindu bezala.