Deuteronomioa 2 EAB

Israeldarrak Edom lurraldetik igaro

1 «Segidan, bira egin eta basamorturantz jo genuen, Itsaso Gorrirantz, Jaunak agindu bezala, eta Seir mendialde inguruan ibili ginen harat-honat luzaro.

2 Azkenik, Jaunak esan zidan:

3 Luzaroegi ibili zarete jadanik mendialde horren inguruan; jo ezazue iparraldera!

4 Agindu herriari: Ahaide dituzuen Esauren ondorengoen bizileku den Seir lurraldea igaroko duzue. Zuen beldur diren arren, egin kontu!

5 Ez hasi haiekin borrokan, ez baitizuet haien lurralde-zatitxo bat ere emango, Seir mendialdea Esauren ondorengoei eman baitiet jabetzan.

6 Behar duzuen jatekoa eta edateko ura erosi egingo dituzue.

7 Gogoan izan Jaunak zeuen Jainkoak egintza guztietan bedeinkatu zaituztela eta basamortu izugarri honetan egin duzuen ibilaldiaz arduratu dela; zeuekin izan duzue berrogei urte hauetan eta ez zaizue ezer falta izan.

8 «Beraz, gure ahaide diren Esauren ondorengoen Seir lurralde ondotik igaro ginen, Elat eta Etzion-Geberretik datorren Arabako bidetik. Gero, norabidea aldatuz, Moabeko basamorturantz jo genuen.

Israeldarrak moabdarren lurraldetik igaro

9 «Orduan, Jaunak esan zidan: Ez eraso moabdarrei, ez hasi borrokan, ez baitizuet haien lurralderik emango; Loten ondorengoak direnez, beraiei eman diet Ar eskualdea.

10 (Lehenago emitarrak bizi ziren bertan, herri handi eta jendetsua, Anak erraldoiaren ondorengoak bezain altuera handikoa.

11 Gehienek refatartzat zeuzkaten, baina moabdarrek emitar deitzen zieten.

12 Seir lurraldean, berriz, hortarrak bizi izan ziren lehenago; baina Esauren ondorengoek lurralde hartatik bota eta suntsitu egin zituzten eta bertan jarri ziren bizitzen, israeldarrek Jaunak jabetzan eman dien lurraldean egin duten bezala).

13 Eta orain, abiatu eta igaro Zered erreka.«Hala egin genuen.

14 Kadex-Barneatik atera eta Zered erreka igaro arteko bidean hogeita hemezortzi urte eman genituen. Ordurako desagertua zen kanpalekutik, Jaunak zin egin zien bezala, gerra-gizonen belaunaldi hura guztia.

15 Jaunak berak jo zituen, kanpalekutik erabat desagerrarazi arte.

Israeldarrak amondarren lurraldetik igaro

16 «Gudagizon haiek guztiak hil zirenean,

17 Jaunak esan zidan:

18 “Gaur bertan zeharkatuko duzue Moabeko muga Ar eskualderantz.

19 Amondarrekin topo egitean, ez eraso, ez hasi borrokan, ez baitizuet amondarren lurralderik emango; hauek ere Loten ondorengoak direnez, beraiei eman diet jabetzan lurralde hori”.

20 (Gehienek refatarren herrialdetzat zeukaten hau ere, lehenago refatarrak bizi izan baitziren bertan; baina amondarrek zanzumiar deitzen zieten.

21 Herri handi eta jendetsua zen, Anak erraldoiaren ondorengoak bezain altuera handikoa. Baina Jaunak suntsitu egin zituen, eta amondarrak, haiek lurraldetik bota ondoren, bertan jarri ziren bizitzen.

22 Beste horrenbeste egin zuen Jaunak Seirren bizi ziren Esauren ondorengoen alde: hortarrak suntsitu egin zituen, eta moabdarrak, haiek lurraldetik bota ondoren, bertan bizi dira gaurdaino.

23 Gauza bera gertatu zitzaien Gazarainoko hirietan bizi ziren abiarrei: Kretatik etorritakoek suntsitu egin zituzten eta beraien lurraldean jarri ziren bizitzen).

Israeldarrek amortarren errege Sihon porrokatu

24 «Gero, Jaunak esan zidan: Abia zaitezte eta igaro Arnon erreka. Zuen esku jartzen ditut Sihon, Hexbongo errege amortarra, eta beronen lurraldea. Ekin borrokari eta hasi lurraldeaz jabetzen.

25 Gaurdanik zuenganako izua eta beldurra sartuko diet munduko herri guztiei: zuen berri jakitean, ikara larriak hartuko ditu.

26 «Kedemot basamortutik mezulariak bidali nizkion Hexbongo Sihon erregeari bakezko mezu honekin:

27 Utz iezaguzu zure lurraldetik igarotzen. Errepidetik joango gara, inora saihestu gabe.

28 Behar ditugun jatekoa eta edateko ura erosi egingo ditugu. Utzi, arren, igarotzen bakarrik,

29 Seirko Esauren ondorengoek eta Ar eskualdeko moabdarrek utzi diguten bezala, Jordan ibaia igaro arte, Jaunak geure Jainkoak ematen digun lurraldera joateko.

30 «Baina Hexbongo Sihon erregeak ez zigun bere lurraldetik igarotzen utzi. Jaunak gure Jainkoak burugogor eta setatsu bihurtu zuen, bera guri eskura emateko asmoz, gaur ikus daitekeen bezala.

31 Izan ere, Jaunak esan zidan: Oraindanik eskura ematen dizkizut Sihon eta beronen lurraldea. Hasi horretaz jabetzen.

32 «Sihon eta beronen gizonak bidera irten zitzaizkigun Jahtzan, borrokara.

33 Baina Jaunak gure Jainkoak gure esku jarri zuen; Sihon, beronen semeak eta herri osoa garaitu genituen.

34 Hala, bertako hiriez jabetu eta jendea erabat suntsitu genuen: gizon, emakume eta haur, ez genuen utzi inor ere bizirik.

35 Abereak eta konkistatu genituen hirietako ondasunak bakarrik gorde genituen guda-harrapakin gisa.

36 Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik eta ibarraren ertzean dagoen hiritik Galaaderaino, ez zen izan guretzat eskuraezineko hiririk, denak eman zizkigun eskura Jaunak geure Jainkoak.

37 Amondarren lurraldea bakarrik utzi genuen ukitu gabe: Jabok erreka inguruko eskualdea eta mendialdeko hiriak, hau da, Jaunak geure Jainkoak galarazi zizkigun lekuak.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34