Deuteronomioa 28 EAB

Zorion-agintzariak

1 «Gaur ematen dizkizuedan aginduak betetzen saiatzen bazarete eta Jaunari zeuen Jainkoari zintzo obeditzen badiozue, munduko herri guztien gainetik goratuko zaituzte.

2 Jaunari zeuen Jainkoari obeditzen badiozue, bedeinkazio hauek guztiak bete-betean iritsiko zaizkizue.

3 «Bedeinkatuak izango zarete hirian, bedeinkatuak landan.

4 «Emankor egingo zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuen lur eta abereak, eta zekorrak eta arkumeak ugalduko dizkizue.

5 «Saskiak fruituz eta oramahaiak ogiz beteko dizkizue Jaunak.

6 «Bedeinkatuak izango zarete zeuen eginkizun guztietan.

7 «Erasoko dizueten etsaiak zuen menpe jarriko ditu Jaunak; bide bakarretik zuen aurka etorriak, mila bidetan sakabanaturik joango dira zuengandik ihesi.

8 «Garautegiak gainezka beteko dizkizue eta eginkizun guztietan arrakasta emango Jaunak zeuen Jainkoak: bedeinkatu egingo zaituzte berak emango dizuen lurraldean.

9 «Berari sagaraturiko herri egingo zaituzte Jaunak, zin egin dizuen bezala, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak betetzen badituzue eta berari jarraitzen badiozue.

10 Orduan, munduko herri guztiek ikusiko dute Jaunaren izena daramazuela, eta zuen beldur izango dira.

11 «Ondasunez beteko zaituzte Jaunak: emankor egingo zaituzte, bai zeuek, bai zuen abere eta lurrak, Jaunak arbasoei zin eginez zuei emango zizuela aginduriko lurraldean.

12 «Jaunak zeruko bere gordailu aberatsa irekiko du zuentzat, lurrari sasoian sasoiko euria emateko eta zuen jarduera guztiak bedeinkatzeko. Herri askori egingo diozue mailegu, baina zuek mailegurik eskatu beharrik ez duzue izango.

13 «Lehen postuan jarriko zaituzte Jaunak, inoiz ere ez azkenekoan; gora egingo duzue beti, behin ere ez behera, baldin eta gaur ematen dizkizuedan Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen eta arretaz betetzen badituzue,

14 ezertan ere saihestu gabe, eta jainko arrotzen atzetik joaten ez bazarete, berauei kultu emateko.

Zoritxar-mehatxuak

15 «Aitzitik, gaur ematen dizkizuedan agindu eta legeak betetzen saiatu ez eta Jaunari zeuen Jainkoari obeditzen ez badiozue, madarikazio hauek guztiak bete-betean iritsiko zaizkizue.

16 «Madarikatuak izango zarete hirian, madarikatuak landan.

17 «Saskiak eta oramahaiak hutsik utziko dizkizue Jaunak.

18 «Agor egingo zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuen lur eta abereak, eta antzu zuen behi eta ardiak.

19 «Madarikatuak izango zarete zeuen eginkizun guztietan.

20 «Madarikazioa, izua eta mehatxua bidaliko dizkizue Jaunak zeuen eginkizun guztietan: suntsitu egingo zaituzte eta bizkor desagerraraziko, zeuen egintza txarrez Jauna baztertzeagatik.

21 «Izurria zabalduko du Jaunak zuen artean, jabetzan hartzera zoazten lurraldetik erauzi arte.

22 Gaitz galgarriz, sukarrez eta hanpaduraz joko zaituzte; lehortez, haize errez eta gorrinez hondatuko dizkizue uztak: ez du etsiko zuek desagerrarazi arte.

23 «Zeuen buru gaineko zerua brontzea bezain lehor eta oinazpiko lurra burdina bezain elkor bihurtuko dizkizue.

24 Euriaren ordez hautsa eta errautsa bidaliko dizkizue zerutik, zuek suntsitu arte.

25 «Etsaien menpe jarriko zaituzte Jaunak; bide bakarretik aterako zarete gerrara, baina mila bidetan sakabanaturik egingo duzue ihes etsaiengandik. Ikuskizun izugarri gertatuko zarete munduko erresuma guztientzat.

26 Zuen gorpuak zeruko hegazti eta lurreko piztien janari izango dira, eta ez da inor ere izango haiek uxatzeko.

27 «Egiptoarrak jo zituen bezalako zauri zornetsuz eta erlakizten, sarna eta ezkabiaz joko zaituzte Jaunak, eta sendaezinak gertatuko zaizkizue gaitzok.

28 Zorabioz, itsumenez eta izu-ikaraz joko zaituzte;

29 eguerdi-eguerdian itsumustuka ibiliko zarete, itsua bere iluntasunean bezala, eta ez duzue bidea aurkitzen asmatuko. Jende zapaldu eta larrutua izango zarete bizitza osoan, eta ez dizue inork lagunduko.

30 «Zuek aukeratu emakumea ezkontzeko, eta beste batek bereganatuko du; etxea eraiki, eta ez zarete bertan biziko; mahastia landatu, eta ez duzue mahatsik dastatuko.

31 Zuen idia zeuen begi aurrean lepo egingo dute, eta ez duzue haragirik jango; astoa zeuen aurrean lapurtu, eta ez duzue berreskuratuko; zuen ardiak etsaiei emango dizkiete, eta ez dizue inork lagunduko.

32 Zuen seme-alabak atzerritarrei emango dizkiete; begiak urtzeraino egongo zarete haiek noiz itzuliko begira-begira, baina ezin ezer egin.

33 Zuen lurraren emaitza eta zuen neke guztien fruitua herri ezezagunak irentsiko ditu. Jende zapaldu eta larrutua izango zarete bizitza osoan.

34 Erotu egingo zarete begi aurrean izango duzuena ikusiz.

35 «Zauri gaiztoz joko zaituzte Jaunak belaunetan eta zangoetan; oinazpitik bururaino hedatuko zaizkizue eta sendaezinak gertatuko.

36 «Ez zeuek, ez zuen arbasoek ezagutzen ez duzuen herrira eramango zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuek aukeratutako erregea, eta zurezko eta harrizko jainko arrotzak gurtu beharko dituzue han.

37 Txunditurik geldituko dira denak Jaunak eramango zaituzten herrietan, koplak aterako dizkizuete eta iseka egingo.

38 «Hazi ugari ereingo duzue soroan, baina uzta kaskarra bilduko, larrapoteak irentsiko baitu;

39 mahastiak landatu eta landuko dituzue, baina ez ardorik edango, ezta mahatsik bilduko ere, harrak jango baititu;

40 lurralde guztian izango dituzue olibondoak, baina ez zarete olioz gantzutuko, erori egingo baitira olibak;

41 seme-alabak sortuko dituzue, baina ez dituzue zeuekin izango, gatibu eramango baitituzte;

42 zuen zuhaitz eta lurreko landareak zomorroen harrapakin izango dira.

43 «Zuen artean bizi diren etorkinak gero eta gorago igoko dira zuen gain, eta zuek gero eta beherago eroriko;

44 beraiek egingo dizuete mailegua, eta zuek maileguz zer emanik ez duzue izango; beraiek izango dira lehen postuan, eta zuek azkenekoan.

45 «Madarikazio guztiok etorriko zaizkizue gainera, pertsegitu eta harrapatu egingo zaituztete, suntsitu arte, Jaunaren zeuen Jainkoaren esana ez egiteagatik eta berak emandako agindu eta legeak ez betetzeagatik.

46 Hori guztia seinale eta oharpen izango da zuentzat eta zuen ondorengoentzat betiko.

47 «Oparotasunean Jauna zeuen Jainkoa pozik eta eskuzabal zerbitzatu ez zenutelako,

48 Jaunak kontra bidaliko dizkizuen etsaiak baldintza gogorretan zerbitzatu beharko dituzue: gose-egarriz, biluzik eta behar gorrian. Lepoan burdinazko uztarria ezarriko dizuete, suntsitu arte.

49 Herri bat altxaraziko du Jaunak zuen kontra, hizkera ezezaguneko herria, urrutitik, munduaren azken muturretik, arranoa bezala hegan etorriko dena:

50 herri ankerra, zaharrentzat errespeturik eta haurrentzat errukirik izango ez duena.

51 Zuen abereen emaitza eta lurraren fruitua jango dute, zuek desegin arte; ez dizuete utziko ez garirik, ez ardorik, ez oliorik, ezta zekorrik edo arkumerik ere, zuek desegin arte.

52 Hiri guztiak setiatuko dizkizuete, zeuen herrialdean seguru sentiarazten zintuzteten harresi garai eta sendoek lur jo dezaten arte; Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeko hiri guztietan setiatuko zaituztete.

53 Zeuen sabeleko fruitua —Jaunak zeuen Jainkoak emandako seme-alaben haragia— jango duzue, hain larria izango baituzue egoera etsaiek setiatzean.

54-55 «Kinka horretan, zuetako gizonik gozo eta atseginenak ere begi txarrez ikusiko ditu, bai anaia, bai emazte kutuna eta bai gelditutako seme-alabak ere, besterik ezean, jateko asmoa duen seme-alaben haragia haiekin banatu beharko duen beldurrez.

56 Emakumerik gozo eta atseginenak ere —oinazpia lurrean jartzeko ere gauza ez zenak, hain baitzen fina eta samurra—, begi txarrez ikusiko ditu senar kutuna eta seme-alabak,

57 beste jatekorik ezean, hankartetik darion ur-zorroa eta egin berri duen haurra bera ere jan egin nahiko baititu ezkutuan; eta guztia, etsaiek zeuen hirietan ezarriko dizueten setioak sortutako estuasun eta egoera larriengatik.

58 «Liburu honetan idatzirik dauden xedapen guztiak arretaz betetzen ez badituzue eta “Jauna” izen ospetsu eta beldurgarria duen zeuen Jainkoari begirunerik ez badiozue,

59 gaitz gogorrez joko zaituzte Jaunak, bai zeuek, bai zuen ondorengoak: zauri izugarriz, zauri latz eta iraunkorrez, gaixotasun gaizto eta sendaezinez.

60 Egipton izu-ikaraz ikusi zenituzten izurri guztiak etorriko zaizkizue gainera eta zuen artean zabalduko.

61 Are gehiago, legearen liburu honetan aipatu ez diren gaixotasun eta zauri-mota oro ere bidaliko dizue Jaunak, suntsitu arte.

62 «Zeruko izarrak bezain ugari izan ondoren, banaka batzuk besterik ez zarete bizirik geldituko, Jaunaren zeuen Jainkoaren esana ez egiteagatik.

63 Zuek zoriontsu egiten eta ugaltzen izan zuen adinako atsegina izango du Jaunak zuek galtzen eta suntsitzen: jaurti egingo zaituzte jabetzan hartzera zoazten lurraldetik.

64 Herri guztien artean barreiatuko zaituzte Jaunak, munduko ertz batetik besteraino; han, ez zeuek, ez zuen arbasoek ezagutzen ez zenituzten zurezko eta harrizko jainko arrotzak gurtu beharko dituzue.

65 Herri horien artean ez duzue atsedenik izango, ezta zeuen oinak lasai non pausaturik ere, bihotza ikaraz, begiak tristuraz eta barrua atsekabez beteko baitizkizue Jaunak.

66 Hari batetik zintzilik bezala biziko zarete, gau eta egun dardaraz, bizitzaz ere etsita.

67 “Ai ilunabarra balitz!” pentsatuko duzue goizean; “Ai goiza balitz!”, iluntzean, izutuak biziko baitzarete begien aurrean izango duzuena ikusiz.

68 «Jaunak Egiptora itzularaziko zaituzte ontziz, berriro ez zenutela ikusiko esan zizuen lurraldera; han, zeuen burua etsaiei saldu nahian ibiliko zarete guztiok, gizonezko nahiz emakumezko; baina ez duzue eroslerik aurkituko».

MOISESEN AZKEN HITZALDIA (28,69—30,20)

69 Israeldarrekin Horeb mendian egina zuen itunaz gainera, beste itun bat egiteko agindu zion Jaunak Moisesi Moab lurraldean. Hona itunaren xedapenak.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34