10 Jordan ibaia igaro eta Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldean bizitzen jarri bezain laster, libratu egingo zaituzte Jaunak inguruko etsaiengandik, eta bakean eta seguru biziko zarete.
11 Orduan, Jaunak zuen Jainkoak bizileku eta kultu-lekutzat aukeratuko duen tokira eramango dituzue agintzen dizkizuedan eskaintzak: erre-opariak eta sakrifizioak, lurreko fruituen hamarrenak eta emaitzak, eta botoz aginduriko zeuen opari hoberenak.
12 Festa ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, bai zeuek, bai zuen seme-alabek eta morroi-mirabeek, baita zuekin hiri berean bizi den lebitarrak ere, berak ez baitu zuek bezala lursailik ondaretzat hartu.
13 «Kontuz, beraz! Ez eskaini erre-oparirik herrialde hartan aurkituko dituzuen kultu-lekuetan.
14 Zuen leinuetako batean Jaunak berak aukeratuko duen lekuan bakarrik eskainiko dituzue zeuen erre-opariak, eta han beteko nik agindutako guztia.
15 «Alabaina, nahi izanez gero, biziko zareten edozein hiritan hil ditzakezue abereak jateko, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen ondasunen arabera; denok jan ahal izango dituzue, baita legez garbi ez dagoenak ere, ehizakia —gazela nahiz oreina— jan ohi den bezala.
16 Baina ez duzue odola jango, lurrera isuriko baizik, ura bezala.