12 Festa ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, bai zeuek, bai zuen seme-alabek eta morroi-mirabeek, baita zuekin hiri berean bizi den lebitarrak ere, berak ez baitu zuek bezala lursailik ondaretzat hartu.
13 «Kontuz, beraz! Ez eskaini erre-oparirik herrialde hartan aurkituko dituzuen kultu-lekuetan.
14 Zuen leinuetako batean Jaunak berak aukeratuko duen lekuan bakarrik eskainiko dituzue zeuen erre-opariak, eta han beteko nik agindutako guztia.
15 «Alabaina, nahi izanez gero, biziko zareten edozein hiritan hil ditzakezue abereak jateko, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen ondasunen arabera; denok jan ahal izango dituzue, baita legez garbi ez dagoenak ere, ehizakia —gazela nahiz oreina— jan ohi den bezala.
16 Baina ez duzue odola jango, lurrera isuriko baizik, ura bezala.
17 «Ezin izango duzue, ordea, jan biziko zareten hirietan Jaunari eskaini beharrekoa: gari, ardo eta olioaren hamarrenak, abere handi eta txikien lehen-kumeak, botoa betetzeko nahiz borondatez eginiko opariak eta gainerako emaitzak.
18 Horiek Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan jango dituzue, bai zeuek, bai zuen seme-alabek eta morroi-mirabeek, baita zuekin hiri berean bizi den lebitarrak ere. Festa ospatuko duzue Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean, zeuen lanaren emaitzengatik eskerrak emanez.