4 «Egia da ez dela zuen artean behartsurik izango, oparo bedeinkatuko baitzaituzte Jaunak zeuen Jainkoak berak jabetzan emango dizuen lurraldean,
5 arretaz obeditzen badiozue eta gaur nik emandako agindu guztiak betetzen saiatzen bazarete.
6 Jaunak zeuen Jainkoak ondasunez beteko zaituzte, berak hitzeman bezala: nazio askori mailegu egingo diozue, baina inori maileguz eskatu beharrik ez duzue izango; nazio ugari menderatuko duzue, baina zuek ez zaituzte inork menpean hartuko.
7 «Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeko hiriren batean zuen herritarren bat behartsu bada, ez izan bihozgabe, ez laguntzarik ukatu senide behartsuari;
8 eskuzabal izango zarete berarekin eta bere premia estaltzeko behar duena emango diozue maileguz.
9 Ez dakizuela, gero, etor gogora pentsamendu zital hau: “Hurbil da zazpigarren urtea, zor guztiak barkatzen direnekoa”, herritar behartsuarekin zeken izan eta ezer eman gabe uzteko; zeren eta deiadar egingo baitio behartsuak Jaunari zuen aurka, eta bekatutzat hartuko zaizue zeuen jokabidea.
10 Eman, beraz, eskuzabal, ez gogoz kontra, eta zeuen Jainko Jaunak zeuen eginkizun eta jarduera guztietan bedeinkatuko zaituzte.