1 «Apaiz lebitarrek, Lebiren leinuko guztiek, alegia, ez dute beste israeldarrek bezala lursailik izango ondaretzat: Jaunaren ohorez eskainitako opariak eta Jaunari dagokiona izango dituzte mantenu-bide.
2 Lebitarrek, beraz, ez dute beste israeldarrek bezala ondare-zatirik izango, Jauna baitute ondare, berak hitzeman bezala.
3 «Hona herriak oparitzat eskaintzen dituen zekor eta arkumeetatik lebitarrei eskubidez dagokiena: sorbalda, matrailak eta urdaila.
4 Gari, ardo eta olioaren hasikinak eta ardi-mozketako lehen artilea ere beraiei emango zaizkie.
5 Izan ere, leinu guztien artean Lebiren leinukoak aukeratu ditu Jaunak zuen Jainkoak, beraren izenean liturgi zerbitzua betiko bete dezaten.
6 «Israelgo edozein hiritan bizi den lebitarrak, Jaunak beretzat aukeratuko duen lekura joatea erabakitzen badu,
7 Jaunaren bere Jainkoaren ohorez liturgi zerbitzuan jarduteko eskubidea izango du, bertan diharduten senide lebitar guztiek bezalaxe.