11 (Baxango Og erregea zen antzinako refatar erraldoietarik gelditzen zen bakarra; Raban, amondarren hiriburuan, dagoen basalto harrizko haren hilobiak erakusten du erraldoitasun hori, lau metro eta erdi luze eta bi metro zabal baita, ohiko neurriaren arabera).
12 «Orduan jabetzan hartu genuen lurraldea honela banatu genuen: Arnon erreka ondoan dagoen Aroertik hasita Galaadeko mendialdearen erdia bertako hiriekin Ruben eta Gaden leinuei eman nien.
13 Galaadeko gainerako lurraldea eta Ogena izandako erresuma, hau da, Argob eskualdea eta Baxan osoa, refatarren eskualde esaten ziotena, Manasesen leinu erdiari eman nizkion.
14 Manasesen seme Jairrek Argob eskualdea eskuratu zuen gexurtar eta maakatarren mugetaraino, eta bere izena eman zion Baxango alderdi horri, “Jairren Herrixkak” alegia, eta horrelaxe deitzen da gaurdaino.
15 Makirri Galaad eskualdea eman nion.
16 Ruben eta Gaden leinuei Galaad eskualdearen gainerakoa eman nien, Arnon errekatik —errekaren erdian zegoen muga— amondarren lur-muga zen Jabok errekaraino;
17 gainera, Jordan ibaia muga duen Araba harana eman nien, Genesaret aintziratik Araba itsaso edo Itsaso Hileraino, Pisga mendiaren magaleraino, ekialdean.