19 gogoratu zuen begi-bistan egin zituen ezaugarri handiak, mirari eta egintza harrigarriak; gogoratu zuek Egiptotik ateratzeko erabili zituen ahalmen handia eta esku indartsua. Bada, beste horrenbeste eginen die Jaunak zuen Jainkoak beldur diezuen herri horiei guztiei.
20 Liztortzarrak bidaliko ditu Jaunak zuen Jainkoak haien kontra, ezkutuan gordeta bizirik gelditutako azkenak ere garbitu arte.
21 «Ez ikaratu, beraz, haien aurrean, zeuekin baituzue Jauna, zeuen Jainkoa, Jainko handi eta beldurgarria.
22 Jaunak zuen Jainkoak ezari-ezarian botako ditu herri horiek zuen aurretik: ezin izango dituzue bizkorregi deuseztatu, basapiztiak ugalduko bailirateke inguruan zuen kalterako.
23 Baina zuen Jainko Jaunak zuen esku utziko ditu herri horiek; izu-ikara larria sartuko die, guztiak suntsitu arte.
24 «Zuen eskura emango ditu herri horietako erregeak, eta beraien oroitzapena ere desagerrarazi egingo duzue mundutik. Ezin izango dizue inork aurre egin, guztiak suntsitu arte.
25 «Erre egingo dituzue horien idoloak. Ez gutiziatu idoloak estaltzen dituzten urre-zilarrak, ez hartu zeuentzat, idoloen tranpan harrapatuak geldi ez zaitezten: idoloak higuingarri zaizkio Jaunari zuen Jainkoari.