5 Beraz, ez duzue lurralde hori jabetzan hartuko zuzenak edo bihotz zintzokoak zaretelako, baizik eta Jaunak zuen Jainkoak herri horiek beren gaiztakeriagatik botatzen dituelako eta Jaunak zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez hitzemandakoari leial eutsi nahi diolako.
6 Ohartu, bada, Jaunak zeuen Jainkoak lurralde eder horren jabetza ez dizuela zeuen merezimenduengatik ematen; izan ere, herri burugogor baitzarete.
7 «Ez ahaztu sekula sumindu egin zenutela Jauna zeuen Jainkoa basamortuan. Egiptotik irten eta hona iritsi arte, etengabe errebelatu izan zarete Jaunaren aurka.
8 «Horeb mendian sumindu egin zenuten Jauna eta, hainbesteraino haserretu zen, zuek suntsitzea erabaki baitzuen.
9 Ni mendian nintzen, Jaunak zuekin eginiko itunaren harlauzak jasotzera igota. Berrogei egun eta berrogei gau egin nituen mendian ezer jan eta edan gabe.
10 Jaunak bi harlauza eman zizkidan, Jainkoak berak idatziak: harlauzetan, zuek mendi barrenean bildurik zeundetela Jaunak suaren erditik adierazitako hitzak zeuden jasoak.
11 Berrogei egun eta berrogei gau haien buruan eman zizkidan Jaunak bi harlauzak.