1-2 Nik, Paulok, Jesu Kristoren zerbitzari honek, idazten dizuet. Jainkoak deitu ninduen apostolu izateko eta Liburu Santuetan profeten ahoz aurrez agindua zeukan berri ona hots egiteko.
3-4 Berri on hau Jainkoaren Semeari buruzkoa da, Jesu Kristo gure Jaunari buruzkoa, alegia: berau giza jatorriz Daviden hazitik jaio zen; baina, hildakoen artetik piztu zenez gero, santu egiten duen Espirituaz Jainkoaren Seme ahaltsu egina izan da.
5 Jesu Kristogandik hartu dugu apostolu izateko dohaina, jentil-herriei sinesmena eramateko eta fedezko erantzuna haiengan sortzeko.
6-7 Hauetakoak zarete zuek ere, Erroman bizi zaretenok. Jainkoak maite izan zaituzte eta Jesu Kristoren elkarteko eta bere herri santu izateko deitu.Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
8 Lehenengo, zuek guztiongatik eskerrak ematen dizkiot neure Jainkoari Jesu Kristoren bitartez, zuen sinesmena mundu guztian goraipatzen delako.
9 Badaki, bai, Jainkoak, bere Semearen berri ona hots eginez bihotz-bihotzez zerbitzatzen dudan hark, beti gogoan zaituztedala.
10 Eta otoitz egiten dudan bakoitzean, hauxe eskatzen diot: berak nahi badu, izan dezadala noizbait zuengana iristeko aukera.
11 Izan ere, zuek ikusi nahian nago, sendogarri izango zaizuen espirituzko dohainen bat emateko,
12 edo, hobeki esan, zuek eta nik batera dugun sinesmenean elkar adoretzeko.
13 Senideok, hauxe jakin behar duzue: askotan hartu dudala zuengana joateko erabakia, zuen artean beste herrietan bezala fruituren bat jasotzeko gogoz; baina orain arte ezin izan dut.
14 Zorretan nago, izan ere, greziar herriarekin nahiz greziar ez direnekin, ikasiekin nahiz ezikasiekin.
15 Horregatik, niri dagokidanez, irrikaz nago zuei ere, erromatarroi, berri ona hots egiteko.
16 Ez dut berri ona zabaltzeko lotsarik, Jainkoaren indarra baita fededun guztiak salbatzeko, juduak lehenengo, baina baita judu ez direnak ere.
17 Izan ere, berri on horrek Jainkoak fedearen bidez bakarrik onartzen gaituela agertzen digu. Hau dio Liburu Santuak: Zintzoa fedeari esker biziko da.
18 Ikusten ari gara Jainkoak bere haserrea agertzen duela gizon-emakume guztien gain zerutik, sinesgabe eta zuzengabe direlako, eta beren zuzengabekeriaz egia ito egin dutelako.
19 Izan ere, Jainkoaz jakin daitekeena agerian dute, Jainkoak berak agertu baitie.
20 Mundua mundu denetik, berez ikusezina dena, hau da, Jainkoaren betiereko ahalmena eta jainkotasuna, ikusgarri gertatzen zaio haren egintzak aztertzen dituenari. Ez dute, beraz, aitzakiarik,
21 Jainkoa ezaguturik, ez baitiote aintzarik, ez eskerrik eman, berari dagokion bezala; baizik arrazoibide hutsaletan galdu dira eta beren adimen zentzugabea ilundu egin zaie.
22 Beren buruak zuhurtzat edukiz, ergel bihurtu dira;
23 eta, Jainko hilezkorraren aintza utzirik, gizaki hilkor, hegazti, lauoineko abere eta narrastien irudietara jo dute.
24 Horregatik, Jainkoak beren grina txarren menpe utzi ditu eta zikinkerietan erori dira, beren buruak desohoratzeraino.
25 Egiazko Jainkoaren ordez, gezurrezkoa ezarri dute eta, Egilearen ordez, egindakoak gurtu eta zerbitzatu. Bedeinkatua bera beti! Amen.
26 Jainkoak, beraz, grina lotsagarrietara eman ditu: emakumezkoek berezko sexu-harremanak utzi eta naturaren kontrakoetara jo dute.
27 Gizonezkoak ere, berez dagozkien emakumeekiko harremanak utzirik, elkarren irrikaz suturik dabiltza: gizonezkoek gizonezkoekin itsuskeriak egiten dituzte eta, horrela, beren jokabide okerraz merezitako zigorra berengan hartzen.
28 Jainkoaren egiazko ezagutza baztertu dutelako, Jainkoak beren pentsaera okerraren menpe utzi ditu, behar ez dena egin dezaten:
29 zuzengabekeriaz, txarkeriaz, diru-gosez eta gaiztakeriaz josiak daude; bekaizkeriaz, giza hilketaz, haserrez, azpikeriaz eta asmo gaiztoz beterik; izen onaren kentzaile,
30 gaizki-esale, Jainkoaren etsai, iraintzaile, harro handiputz, gaizkirako trebe eta gurasoekin bihurri dira;
31 zentzurik eta leialtasunik gabeak, bihotzik eta errukirik gabeak.
32 Badakite, bai, zein den Jainkoaren epaia: horrelakorik egiten duenak heriotza-zigorra merezi duela, alegia; baina, hala ere, horrelakoak beraiek egitea ez ezik, ontzat ematen dute besteek egitea ere.