Erromatarrei 16 EABD

Goraintziak

1 Zenkreasko eliz elkartearen zerbitzari den gure arreba Febe gomendatzen dizuet:

2 hartzazue Jaunaren izenean, sagaratuei dagokien bezala. Edozertan zuen beharrik balu, lagun iezaiozue, berak ere askori lagundu baitio eta neuri batez ere.

3 Goraintziak Priska eta Akilari, Jesu Kristoren zerbitzuan laguntzaile izan ditudanei.

4 Horiek beren bizia arriskuan jarri zuten, nirea salbatzeagatik. Eta nik ez ezik, jentilen eliz elkarte guztiek ere esker ona zor diete.

5 Goraintziak haien etxean biltzen den eliz elkarteari ere. Goraintziak Epenetori, Asian Kristorengan sinetsi zutenen lehen fruitu den nire adiskide maiteari;

6 baita zuengatik hainbeste lan egin duen Mariari ere.

7 Goraintziak nire ahaide eta kartzela-lagun Androniko eta Juniari: apostoluen artean ospetsuak dira eta Kristorengan nik baino lehen sinetsi zutenak.

8 Goraintziak Jaunarengan oso maite dudan Anpliatori.

9 Goraintziak Urbanori, Jesu Kristoren zerbitzuan laguntzaile izan dugunari, eta nire Estakis maiteari.

10 Goraintziak Apelesi, kristau zintzo dela erakutsi duen horri; baita Aristobuloren familiakoei ere.

11 Goraintziak Herodion nire ahaideari eta Nartzisoren etxeko fededunei.

12 Goraintziak Trifena eta Trifosari, Jaunarengatik gogoz lanean jardun duten horiei; baita Jaunarengatik hainbeste lan egin duen nire Perside maiteari ere.

13 Goraintziak Rufori, kristau agurgarri horri, eta berorren ama eta nire ama ere denari.

14 Goraintziak Asinkritori, Flegoni, Hermesi, Patrobasi, Hermasi eta haiekin bizi diren senideei.

15 Goraintziak Filologo eta Juliari, Nereo eta beronen arrebari, Olinpiori eta horiekin bizi diren fededun guztiei.

16 Agur ezazue elkar besarkada santuaz. Kristoren eliz elkarte guztiek agurtzen zaituztete.

17 Otoi, senideok! Ibili argi elkartean zatiketak sortzen eta hartu duzuen irakaspena galbidean jartzen dutenekin. Alde horiengandik!

18 Horrelakoek ez baitiote Kristo gure Jaunari kultu ematen, beren sabelei baizik, eta beren hitz leunez eta lausenguz liluratu egiten dute jende xaloa.

19 Denen agerian dago nola onartu duzuen fedea, eta horrekin poztu egiten nauzue; baina zuek onerako argi eta gaitzaren aurrean tolesgabe izatea nahi nuke.

20 Bakea ematen digun Jainkoak luzaro gabe zapalduko du Satanas zuen oinpean. Jesu Kristo gure Jaunaren grazia izan bedi zuekin.

21 Goraintziak nire laguntzaile Timoteoren izenean, eta Luzio, Jason eta Sosipatro nire ahaideen izenean.

22 Nik, Tertziok, gutun hau idazten ari natzaizuen honek, agur egiten dizuet Jaunarengan.

23 Ni eta eliz elkarte osoa ere bere etxean hartzen gaituen Gaiok agur egiten dizue. Hiriko diruzain Erastoren izenean eta Kuarto anaiaren izenean agur. (

24 ).

Aintza JainkoariAintza Jainkoari: Eskuizkribu batzuek 14. kap.aren bukaeran ematen dituzte 25-27 tx.ak eta beste batzuek 15aren ondoren. Ez da segurua gutunaren azken hau Paulorena den ala ez.

25 Gorets dezagun Jainkoa! Berak fedean sendotu zaitzakete, nik hots egiten dudan berri onaren eta Jesu Kristori buruz ematen dudan mezuaren arabera. Mezu horren bidez, aspalditik ezkutuan zeukan misterioa agertu du Jainkoak.

26 Misterio hori orain azaldu da profeten idatziek dioten bezala, eta, Jainko betierekoak hala erabakirik, herri guztiei adierazi zaie, Jainkoari fedezko erantzuna eman diezaioten.

27 Jainko honi, jakintsu bakarra denari, aintza betiere Jesu Kristoren bitartez! Amen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16