Erromatarrei 10 EABD

1 Senideok, hauxe da nire bihotzeko irrikarik handiena eta israeldarren alde Jainkoari eskatzen diodana: salbamenera hel daitezela.

2 Aitortzen dut beraien artean jainkozale sutsuak badirela, baina ez dute zuzen ulertzen.

3 Ez dute ulertu Jainkoak ematen duela salbamena, eta beren kabuz lortu nahi izan dute, Jainkoarengandik datorrena onartu gabe.

4 Legearen helburua, izan ere, Kristo da, eta beronen bidez ematen zaie fededun guztiei Jainkoaren onespena.

Jainkoa gizadi osoaren salbatzaile

5 Legearen bidez lortzen den salbamenaz, hau dio Moisesek: Legea betetzen duenaberaren bidez biziko da.

6 Fedearen bidez lortzen denaz, berriz, beste hau: Ez esan zeure baitan: Nor igoko da zerura? —Kristo handik jaitsarazteko, alegia—;

7 edo: Nor jaitsiko da leizera?—Kristo hildakoen artetik igoarazteko, alegia—.

8 Zer dio, orduan, Liburu Santuak? Esku-eskura duzu hitza, zeure ahoan eta zeure bihotzean.Hitz hori, hain zuzen, guk hots egiten dugun fedearen mezua da.

9 Izan ere, zeure ahoz Jesus dela Jauna aitortzen baduzu, eta zeure bihotzean Jainkoak hildakoen artetik piztu zuela sinesten baduzu, salbatu egingo zara.

10 Zeren, bihotzez sinesten duena onartu egiten baitu Jainkoak, eta ahoz aitortzen duena salbatu egiten da.

11 Hau dio Liburu Santuak: Harengan sinesten duenak ez du huts egingo.

12 Judua izan ala ez, ez dago bereizketarik, bat bera baita guztien Jauna, dei egiten dioten guztientzat eskuzabala.

13 Izan ere, Jaunari dei egin diezaiona salbatuko da.

14 Nola, ordea, dei egin, harengan sinesten ez badute? Nola sinetsi, haren entzuterik ez badute? Nola entzun, nork hots eginik ez bada?

15 Nola hots egin, hartarako bidalirik ez bada? Liburu Santuak dioen bezala: Bai ederrak berri onak ekartzen dituztenen oinak!

16 Ez diote, ordea, denek harrera ona egin berri onari. Isaiasek esaten du: Jauna, nork sinetsi du gure mezua?

17 Beraz, mezutik dator sinestea, eta mezua Kristoren berri ematea da.

18 Eta galdetzen dut: Ez al dute entzun? Bai, noski. Lurbira guztira zabaldu da haien hotsa, munduaren bazterreraino haien mezua.

19 Eta berriro galdetzen dut: Israelek ez ote du, bada, ulertu? Lehenengo, hona Moisesek dioena: Herri ez den batekin minduko zaituztet, nazio ergel baten bidez haserraraziko.

20 Isaias, bere aldetik, hau esatera ausartzen da: Nire bila ez zebiltzanei atera nintzaien bidera; nitaz galdetzen ez zutenei agertu nintzaien.

21 Israeli buruz, berriz, hau dio: Egun osoan luzatuak nituen eskuak, herri sinesgogor eta errebeldeagana.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16