Erromatarrei 4 EABD

Abrahamen ikasbidea

1 Eta zer esan gure arbaso Abrahami gertatu zitzaionaz?

2 Izango zukeen zertan harrotu, Jainkoak bere egintzengatik onartu balu; baina ez zuen Jainkoaren aurrean harrotzerik izan.

3 Izan ere, hau dio Liburu Santuak: Abrahamek sinetsi egin zuen Jainkoarengan eta, horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen.

4 Lan egiten duenari, saria ez zaio dohain huts bezala ematen, zor zaion zerbait bezala baizik.

5 Baina inolako lanik egin ez arren, erruduna errugabe egiten duen Jainkoarengan sinesten duena, sinesmen horri esker onartuko du Jainkoak.

6 Davidek ere zoriontsu dela dio, Jainkoak, egintzei begiratu gabe, zuzentzat onartzen duena:

7 Zoriontsua Jainkoak hobena kendu eta bekatuak barkatu dizkiona.

8 Zoriontsua Jainkoak bekatua egozten ez diona.

9 Zorion hau, ordea, erdainduari bakarrik ote dagokio, ala erdaingabeari ere bai? Esan bezala, sinesmenagatik onartu zuen Jainkoak Abraham zuzentzat.

10 Baina noiz onartu zuen? Erdaindu aurretik ala ondotik? Aurretik, noski, ez ondotik.

11 Erdainkuntza ezaugarri gisa eman zion Jainkoak, erdaindu aurretik sinesmenari esker onartu zuela adierazteko. Horrela, sinesten duten erdaingabe guztien aita da Abraham: hauek ere zuzentzat onartzen ditu Jainkoak;

12 era berean, erdainduen aita da: erdainduak izateaz gainera, Abraham gure aitak erdaindu aurretik zeukan sinesmenaren urratsei jarraitzen dietenen aita, alegia.

Agintzaria sinesmenaren bidez bete

13 Beren oinordekotza mundua izango zutela agindu zien Jainkoak Abrahami eta ondorengoei. Agintzari hau, ordea, ez zegokion legea betetzeari, sinesmenak duen salbamen-indarrari baizik.

14 Legea betetzen dutenak bakarrik balira oinordeko, hutsean geldituko litzateke sinesmena eta baliogabe agintzaria.

15 Legeak zigorra dakar ondorio; baina legerik ez dagoenean, ez da lege-hausterik ere.

16 Beraz, agintzaria, dohain hutsa izanik, fedeari dagokio; horrela, Abrahamen ondorengo guztientzat balio du, legearen arabera ondorengo direnentzat ez ezik, baita Abrahamen sinesmenaren arabera direnentzat ere. Bera aita dugu guztiok,

17 Liburu Santuak dioen bezala: Herri askoren aita egin zaitut. Abraham aita dugu, beraz, Jainkoaren aurrean; hark sinetsi egin baitzuen hilak biziarazten eta izaterik ez dutenak izatera deitzen dituen Jainkoarengan.

18 Abrahamek sinetsi egin zuen inolako itxarobiderik ez zegoenean; horrela, herri askoren aita egin zen, Jainkoak esan zionaren arabera: Horrenbeste izango dira zure ondorengoak.

19 Ez zitzaion moteldu sinesmena, bere gorputza ia hila —ehun urte hurbil baitzituen— eta Sararen sabela ere agorra zela ikusi arren.

20 Jainkoaren agintzariaren aurrean ez zen sinesgogor izan, ezta zalantzan ibili ere, baizik eta sendotu egin zen sinesmenean; horrela, Jainkoak egia zioela aitortu zuen,

21 erabat ziur baitzegoen hark hitzemana betetzeko zuen ahalmenaz.

22 Horrexegatik, hain zuzen, onartu egin zuen Jainkoak.

23 Baina Liburu Santuak ez du hori harengatik bakarrik esaten,

24 guregatik ere badio; gu ere, Jesus gure Jauna hildakoen artetik piztu zuenarengan sinesten dugunok, sinesmenari esker onartuko baikaitu Jainkoak.

25 Gure bekatuengatik eman zuten Jesus heriotzara, eta gure salbamenerako izan zen piztua.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16