Erromatarrei 14 EABD

Sinesmen heldugabekoei lagundu

1 Egiezue harrera ona sinesmen heldugabekoei, iritziak direla-eta eztabaidan hasi gabe.

2 Batek, denetik jan dezakeela uste du; sinesmenean heldugabekoak, berriz, barazkiak bakarrik jaten ditu.

3 Denetik jaten duenak ez dezala gutxiets zerbait jateari uzten diona, eta zerbait jateari uzten dionak ez dezala kondena denetik jaten duena, Jainkoak onartu egin baitu hau ere.

4 Nor zara zu zurea ez den morroia epaitzeko? Hura zutik ala eroria dagoen, nagusiaren arazoa da; eta zutik iraungo du, ahaltsua baita Jauna berari zutik eusteko.

5 Batek garrantzi berezia ematen dio egun bati; beste batentzat, berriz, egun guztiak berdinak dira. Joka dezala bakoitzak bere kontzientziaren arabera.

6 Halako egunari garrantzi berezia ematen dionak Jaunarengatik ematen dio; denetik jaten duenak Jaunarengatik jaten du, Jainkoari eskerrak ematen baitizkio; jateari uzten dionak ere Jaunarengatik ez du jaten, eta honek ere eskerrak ematen dizkio Jainkoari.

7 Gutariko bat ere ez da beretzat bizi, ezta hiltzen ere beretzat;

8 bizi bagara, Jaunarentzat gara bizi; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz, nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara.

9 Horretarako hil eta piztu zen Kristo: hildakoen eta bizien Jauna izateko.

10 Zergatik kondenatzen duzu, bada, zeure senidea? Eta zergatik gutxiesten? Denok agertu beharko dugu Jainkoaren auzitegian,

11 Liburu Santuak dioen bezala: Neure biziarengatik dagit zin —dio Jaunak—: Belaun oro nire aurrean makurtuko da, eta mihi orok goretsiko du Jainkoa.

12 Izan ere, guztiok eman beharko diogu Jainkoari nork bere buruaren kontu.

Ez kondenatu lagun hurkoa

13 Ez dezagun, beraz, gehiago elkar kondena, baizik eta saia zaitezte senideari oztoporik edo erorbiderik ez jartzen.

14 Nik badakit eta ziur nago —Jesus Jaunak esan izan baitzuen— ez dela ezer ere berez kutsatua denik; kutsatutzat hartzen duenarentzat bakarrik bihurtzen da zerbait kutsatu.

15 Baina zerbait jateagatik zeure senideari min ematen badiozu, ez zabiltza maitasunaren bidetik. Janariak gorabehera, ez dadila zure senidea gal, Kristo harengatik hil baitzen.

16 Zuek duzuen askatasun hori ez bedi gaizki-esanerako bide gerta.

17 Azken batean, Jainkoaren erregetza ez baitatza jan-edaneko gauzetan, baizik eta Espiritu Santuaren dohain diren zuzentasun, bake eta alaitasunean.

18 Eta Kristo honela zerbitzatzen duena Jainkoari atsegin zaio eta gizon-emakumeek onartua da.

19 Saia gaitezen, bada, bakea indartzeko eta elkarte-bizitza eraikitzeko lagungarri diren gauzetan.

20 Janari-arazo batengatik, ez hondatu Jainkoaren egintza. Janari guztiak garbiak dira; hala ere, ez dago ongi besteak galbidean jarriz zerbait jatea.

21 Hobe duzu haragia, ardoa edo dena delakoa utzi, horiek zure senideari oztopo baldin bazaizkio.

22 Gorde zeuretzat, Jainkoarekiko zeure harremanetarako, sinesmenak ematen dizun askatasun hori. Zorionekoa bere burua errudun sentitu gabe bere aukerak egiteko gauza dena!

23 Zilegi ote den ala ez zalantzan dagoela jaten duena, berriz, errudun da, ez baitu jokatzen berak uste duenaren arabera. Eta norberak uste duenaren arabera ez jokatzea bekatu da.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16