Erromatarrei 8 EABD

Espirituaren eragina

1 Orain, beraz, ez da gaitzespenik Jesu Kristorekin bat direnentzat.

2 Izan ere, Jesu Kristori esker, bizia ematen duen Espirituaren legeak askatu egin zaitu bekatuaren eta heriotzaren legetik.

3 Legeak giza ahuleziagatik ezin zuena, Jainkoak egin du: gurea bezalako bekatuzko izaeran bidali du bere Semea eta honek, bere burua barkamen-oparitzat eskainiz, kondenatu egin du bekatua bere giza izaera hilkorrean.

4 Honela, bete dezakegu legeak eskatzen duena, ez baikara giza grinen arabera bizi, Espirituaren arabera baizik.

5 Giza grinen arabera bizi direnek gogoak ere halakoak dituzte; Espirituaren arabera bizi direnek, berriz, gogoak ere Espirituarenak.

6 Giza grinei jarraitzeak heriotzara darama; Espirituari jarraitzeak, berriz, bizitzara eta bakera.

7 Izan ere, giza grinei jarraitzen dietenak Jainkoaren aurkako dira; ez dute nahi eta ez dira ere gauza Jainkoaren legeari jarraitzeko.

8 Horregatik, giza grinen menpean bizi direnak ezin daitezke Jainkoaren gogoko izan.

9 Zuek, ordea, ez zarete bizi grina horien menpean, Espirituaren menpean baizik, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena.

10 Kristo zuengan baldin badago, berriz, gorputza bekatuagatik hil egingo den arren, Espirituak badu bizia, Jainkoaren salbamen-indarrari esker.

11 Jesus hildakoen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hildakoen artetik piztu zuenak berak biziaraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.

12 Zorretan gaude, beraz, senideok, baina ez giza grinekin, haien arabera bizitzeko.

13 Horrela bizitzen bazarete, hil egingo zarete; baina Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete.

14 Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira.

15 Zuek ez duzue hartu esklabo egingo zaituzten espiritua, berriro beldurpean bizitzera eramango zaituena, alegia; zuek, seme-alaba egiten zaituzten Espiritua hartu duzue, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!», esanez hots egiten diozue Jainkoari.

16 Espiritu berberak barrutik aitortzen digu Jainkoaren seme-alaba garela;

17 eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; zeren, nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara.

Kristau-itxaropena eta betiko aintza

18 Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira gero guregan azalduko den aintzaren aldean.

19 Izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea.

20 Izadiak, bere benetako helburua galdua izan arren —ez bere gogoz, horretara behartu zuenarengatik baizik—, badu itxaropena

21 esklabotza eta hondamenditik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko.

22 Badakigu, izan ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoela orain arte.

23 Eta hura ez ezik, geu ere bai: Espiritua lehen-dohaintzat hartu dugunok intzirika gaude geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituen zain.

24 Salbatuak gaude, bai, baina itxaropenetan bakarrik. Eta itxaro duguna begien aurrean bagenu, hori ez litzateke itxaropena izango, inork ez baitu itxaroten begien aurrean duena.

25 Baina ikusten ez duguna itxaro badugu, iraupenez behar dugu zain egon.

26 Era berean, Espiritua datorkigu geure ahulezian lagun, guk ez baitakigu behar bezala otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen du gure alde esanezin ahalako intziriz.

27 Eta bihotzak aztertzen dituen Jainkoak ezagutzen du zein den Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen baitu fededunen alde.

28 Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak, bere aurre-erabakiz deitu dituenen onerako, alegia.

29 Aurrez ezagutu zituenak, aukeratu ere egin zituen Jainkoak, bere Semearen irudiko izan zitezen, eta, horrela, Semea senide askoren artean lehen-seme izan zedin.

30 Aurrez aukeratu zituenak, deitu ere egin zituen; deituak, berriz, zuzentzat onartu zituen, eta zuzentzat onartuak aintzaz bete.

Jainkoaren maitasunari gorazarrea

31 Horiek horrela, zer esango dugu? Jainkoa gure alde baldin badugu, nor gure aurka?

32 Bere Semea bera ukatu ez zigunak, baizik eta gu guztion alde heriotzara eman zuenak, nola ez dizkigu harekin batera gauza guztiak dohain emango?

33 Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratuak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu?

34 Nork kondenatuko ditu? Jesu Kristo da hil zena; are gehiago, piztu ere egin zena, eta orain Jainkoaren eskuinaldean gure alde erreguka ari dena!

35 Nork aldenduko gaitu Kristok digun maitasunetik? Atsekabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak, arriskuak, ezpatak?

36 Liburu Santuak dioen bezala: Zuregatik egunero hilzorian gauzkate; hiltzeko ardiak bezala garabiltzate.

37 Baina guztiotan erraz ateratzen gara garaile, maite izan gaituenari esker.

38 Bai baitakit ziur, ez herio eta ez bizi, ez aingeru eta ez goiko beste indar, ez oraingo eta ez geroko, ez inolako botere,

39 ez ortziko eta ez lur azpiko indar, ez inolako beste izakik, ez gaituela aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunarengan agertu digun maitasunetik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16