Erromatarrei 7 EABD

Kristaua Moisesen legetik aske

1 Ez al dakizue, senideok —legeen berri dakizuenoi mintzo natzaizue—, gizakia bizi den bitartean bakarrik behartzen duela legeak?

2 Adibidez, emaztea senarra bizi den bitartean bakarrik dago legez senarrari lotua. Senarra hiltzen denean, ordea, ezkontza-legetik askatua gelditzen da.

3 Horregatik, senarra bizi den bitartean beste gizon batekin elkartzen den emaztea adulteriogile bihurtzen da. Senarra hilez gero, berriz, ezkontza-legetik askatua gelditzen da eta ez da adulteriogile, beste gizon batekin elkartu arren.

4 Horrela bada, ene senideok, zuek ere hil zen Kristoren gorputzeko eginak izan zaretenez gero, legearentzat hilda zaudete, eta beste batenak zarete jadanik —hildakoen artetik piztu zenarenak, alegia—, Jainkoarentzat fruitu onak emateko.

5 Geure giza grinen menpean bizi ginenean, legeak bekaturako grinak pizten zituen guregan, eta horrela heriotza ekarri zigun fruitu.

6 Baina orain, lotuak gintuen legearentzat hilak gaudelarik, legetik aske gaude; horrela, Espirituaren bizi berriaren arabera zerbitza dezakegu Jauna, eta ez lege idatziaren arau zaharraren arabera.

Bekatua eta Moisesen legea

7 Horrekin zer esan nahi dugu? Legea bekatu dela? Ez horixe! Hala ere, legearen bidez bakarrik ezagutu nuen bekatua. Gutizia zer den ez nukeen jakingo legeak hau esan ez balu: Ez gutiziatu.

8 Bekatuak, agindutik bide hartuta, era guztietako gutiziak ernearazi zituen niregan. Legerik ezean, bekatua hila dago.

9 Garai batean, oraindik legerik ez zegoenean, ni bizirik nengoen; agindua etorri zenean, ordea, bekatua piztu zen

10 eta ni hil egin nintzen. Horrela, bizia emateko zen agindua heriotza-emaile gertatu zitzaidan.

11 Izan ere, bekatuak, agindutik bide hartuta, liluratu egin ninduen eta aginduaren bidez hil.

12 Legea, izan, santua da, eta agindua ere santua, zuzena eta ona.

13 Orduan, ona zen hura heriotza-bide gertatu ote zitzaidan? Ez! Hil, bekatuak hil ninduen; baina bekatua bekatu bezala azaltzeko, berez ona zen aginduaz baliatu zen. Horrela, aginduari esker agertu da bete-betean bekatuaren kaltegarritasuna.

Bekatuaren aurkako borroka

14 Jakin badakigu legea espirituaren arlokoa dena; ni, berriz, gizon ahula naiz, bekatuari saldua.

15 Ez dut neure jokabidea ulertzen, nahi dudana ez baitut egiten, eta gorroto dudana, huraxe dut egiten.

16 Baina egiten dudana gogoz kontra egiten badut, horrekin legea ona dela aitortzen dut;

17 baina, orduan, egiten duena ez naiz ni, niregan ari den bekatua baizik.

18 Ongi ikusten dut ez dagoela niregan —nire giza grinetan, alegia— ezer onik, nire esku baitago on egin nahi izatea, baina ez on egitea.

19 Nahi dudan ongia ez dut egiten, eta nahi ez dudan gaizkia egiten dut.

20 Nahi ez dudana egiten badut, ordea, ez dut nik egiten, niregan ari den bekatuak baizik.

21 Beraz, lege hau sumatzen dut neuregan: ongia egin nahi dudalarik, gaizkia bakarrik dudala neure esku.

22 Neure barruan atsegin zait Jainkoaren legea;

23 baina neure gorputzean beste lege bat ikusten dut, nire adimenaren legeari borroka egiten diona, eta niregan ari den bekatuaren lege horrek preso hartua nauka.

24 Ene zoritxarra! Nork askatuko nau heriotzara naraman nire izaera honetatik?

25 Jainkoak, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. Eskerrak berari!Honela bada, adimenaren aldetik Jainkoaren legea dut zerbitzatzen; gizon ahul naizen aldetik, berriz, bekatuaren legea.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16