Erromatarrei 3 EABD

Juduak eta Jainkoaren agintzariak

1 Zer du, bada, hoberik juduak? Edo zer dakar onik erdainkuntzak?

2 Asko, noski, alde guztietatik. Lehenengo eta behin, Jainkoak bere hitzak juduei eman zizkielako.

3 Haietako batzuk ez zirela leial izan? Eta zer? Haien leialtasun-ezak huts bihurtuko ote du Jainkoaren leialtasuna?

4 Ez horixe! Garbi aitortu beharra dago Jainkoa egiatia dela; gizon-emakume guztiak, berriz, hitz ustelekoak, Liburu Santuak dioen bezala: Horrela, leial zarela agertuko dute zure hitzek, eta auzian garaile aterako zara.

5 Baina gure zuzentasun-ezak Jainkoaren zuzentasuna nabariago egiten badu, ez al genuke esan behar —giza erara mintzatuz— zuzengabea dela Jainkoa bere haserrea gure gainera isurtzean?

6 Inola ere ez! Hala balitz, nola epai lezake Jainkoak mundua?

7 Baina Jainkoaren leialtasuna nire leialtasun-ezaz nabarmenago agertzen bada haren aintzarako, zergatik kondenatzen nau Jainkoak bekatari bezala?

8 Zergatik ez esan: «Egin dezagun gaiztakeria, ongia etor dadin?» Horrela irakasten omen dut nik, batzuek gezurrez diotenez. Ongi merezia dute gaitzespena horrelakoek.

Liburu Santuek diotenez, gizadi osoa bekatuaren menpean

9 Zer, bada? Ba ote dugu juduok abantailarik? Azken batean, ez; zeren, irakatsi berri dugun bezala, denak, bai juduak, bai jentilak, bekatupean baitaude.

10 Eta honelaxe diote Liburu Santuek: Ez da bat bera ere zuzenik,

11 ez zentzu onekorik, ez Jainkoa bilatzen saiatzen denik.

12 Denak okertu dira, bat egin dute galdukerian. Ez da inor on dagienik, bat bera ere ez.

13 Haien eztarria hilobi zabaldua, haien mihian azpikeria, haien ezpainetan sugegorri-pozoia.

14 Betea dute ahoa madarikazioz eta mingostasunez.

15 Arinak dituzte oinak odola isurtzeko;

16 hondamendia eta zoritxarra uzten dute pasatzen diren tokian;

17 ez dute ezagutzen bake-bidea.

18 Haiengan ez da Jainkoarenganako beldurrik.

19 Badakigu legeak dioen guztia legepean daudenentzat esaten duela, denen ahoak itxi daitezen eta mundu osoa Jainkoaren aurrean errudun ager dadin.

20 Jainkoak ez du inor errugabetzat jotzen legea betetzeagatik. Izan ere, legearen eginkizuna bekatua ezagutaraztea da.

SALBAMENERAKO BIDEA (3,21—4,25)

Sinesmena salbamenaren iturri

21 Baina orain, legea alde batera utziz agertu du Jainkoak bere salbamen-indarra, legeak eta profetek adierazia.

22 Jainkoaren salbamen-indar hau Jesu Kristoganako sinesmenaren bidez heltzen da, fededun guztiengana heldu ere. Jainkoak ez du bereizkeriarik egiten,

23 denek egin baitzuten bekatu eta denak aurkitzen dira geroztik Jainkoaren aintzarik gabe.

24 Baina Jainkoak bere onginahiaz eta dohain hutsez onartu ditu, Jesu Kristoren bitartez burutu duen askapenari esker.

25-26 Jesu Kristok bere odola isuri zuen, eta Jainkoak barkamen-bide egin du Kristo beronengan sinesten dutenentzat. Horrela, garbi erakusten du Jainkoak zuzen jokatu zuela bere eroapenaz lehengo bekatuak zigortu gabe utzi zituenean, eta zuzen jokatzen duela orain ere, bera salbatzaile azaldu eta Jesusengan sinesten dutenak onartzen dituenean.

27 Non da, bada, harrotzeko zure bidea? Ezereztua da. Zeren izenean? Egintzen izenean? Ez, sinesmenaren izenean baizik.

28 Ziur baitakigu sinesmenaren bidez onartzen dituela Jainkoak gizon-emakumeak, eta ez legea betetzeagatik.

29 Juduena ote da bakarrik Jainkoa? Ala beste herriena ere bai? Beste herriena ere bai, noski.

30 Jainkoa bat bakarra da, eta berak sinesmenaren bidez onartzen ditu denak, erdainduak nahiz erdaingabeak izan.

31 Beraz, sinesmena dela eta, baliogabe uzten al dugu legea? Ez horixe! Berretsi, bai, berresten dugu legea.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16