Erromatarrei 15 EABD

Jesu Kristo kristauen eredu

1 Fede heldua dugunok fede heldugabekoen ahuleziak eraman behar ditugu, geuri atsegin zaiguna bilatu gabe.

2 Saia gaitezen guztiok lagun hurkoari atsegin ematen, ona eta fedean hazteko lagungarri zaiona bilatuz.

3 Kristok ere ez zuen bere atsegina bilatu, baizik eta Liburu Santuak dioen hau bete zen harengan: Zure kontrako irainak datozkit gainera.

4 Liburu Santuetan idatzia dagoen guztia gure ikasbiderako dago idatzia, geure eroapenaz eta Liburu Santuek ematen duten adoreaz itxaropenari euts diezaiogun.

5 Eroapenaren eta adorearen iturri den Jainkoak eman diezazuela elkar ongi hartzea, Jesu Kristok nahi bezala.

6 Horrela, bihotz batez eta aho batez goretsiko duzue Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.

Harrera ona guztiei

7 Beraz, egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala, Jainkoaren aintzarako.

8 Izan ere, Kristo juduen zerbitzari egin zen, Jainkoak arbasoei eginiko agintzariak betetzeko eta, horrela, Jainkoaren leialtasuna agertzeko;

9 eta jentilen zerbitzari ere egin zen, bere errukiagatik Jainkoa gorets zezaten. Hau dio, hain zuzen, Liburu Santuak: Horregatik, atzerritarren artean goretsiko zaitut, eta zure omenez kantatuko dut.

10 Beste batean, berriz, hauxe dio: Naziook, egin poz-oihu haren herriarekin batera.

11 Eta beste batean: Goretsazue Jauna, nazio guztiok, ospa ezazue, herri guztiok!

12 Isaiasek ere hau dio: Erneko da Jeseren sustraia, eta sortuko denak nazioak gobernatuko ditu. Harengan izango dute itxaropen nazioek.

13 Itxaropen-iturri den Jainkoak alaitasunez eta bakez bete dezala zuen fedea, eta Espiritu Santuak eman diezazuela bere indarraz itxaropena gainezka.

AZKEN AGURRAK (15,14—16,27)

14 Senideok, neure aldetik, ziur dakit zuek onginahiz beterik eta jakite guztiz horniturik zaudetena, eta elkarri argi egiteko gai zaretena.

15 Hala ere, ausardia handi samarrez idatzi dizuet han edo hemen, zenbait gauza gogorarazteko. Jainkoarengandik hartu dudan dohainak ematen dit horretarako bide,

16 Jesu Kristoren zerbitzari egin bainau jentilentzat. Apaiz batek bezala betetzen dut Jainkoaren berri ona adierazteko eginkizuna; horrela, jentilak, Espiritu Santuak sagaraturik, Jainkoarentzat opari atsegingarri izan daitezen.

17 Jainkoaren zerbitzuari dagokionean, Kristorengan jartzen dut harrotzeko neure bidea;

18 horregatik, hau bakarrik aipatzera ausartuko nintzateke: Jesu Kristok nire bidez ekarri dituela jentilak fedea onartzera, hitzez eta egitez,

19 mirari eta egintza harrigarrien indarrez, Espirituaren ahalmenez. Horrela, Jerusalemdik hasi eta inguru guztietan barrena Iliriaraino, Kristoren berri onaren zabalkuntza burutua utzi dut.

20 Hauxe zen niretzat garrantzizkoena: Kristoren izena entzuna ere ez zen tokietan berri ona zabaltzea. Ez nuen nahi bestek ipinitako oinarrien gainean eraiki,

21 Liburu Santuak dioenaren arabera baizik: Haren berri ez zutenek dute ikusiko, eta inoiz hartaz entzun ez zutenek ulertuko.

Erromara joateko asmoak

22 Horrexegatik gelditu behar izan dut behin baino gehiagotan zuengana joan gabe.

23 Orain, ordea, inguru hauetan nuen lana bukatu dut eta, aspaldiko urte hauetan zuek ikusi nahian bainago,

24 Espainiara bidean hortik igarotzean, ikusiko zaituztedan itxaropena dut; eta bidaiari jarraitzeko lagunduko didazuen itxaropena ere bai. Baina lehenago, zuekin egonaldi bat pozik egingo nuke.

25 Jerusalemera noa orain, hango fededunei diru-laguntza eramatera.

26 Izan ere, Mazedoniakoek eta Akaiakoek diru-bilketa egiteko borondatea izan dute, Jerusalemen diren senide behartsuei laguntzeko.

27 Borondatea diot, baina zorra ere bazuten haiekin; zeren, jentilak espirituzko ondasunetan haien partaide izan badira, bidezko baita lurreko ondasunetan haien laguntzaile izatea.

28 Egiteko hau bete eta bildutako dirua haien esku jarri ondoren, Espainiara abiatuko naiz, zuen hiritik igaroz.

29 Eta badakit Kristoren bedeinkazio betea dudala zuengana joateko.

30 Jesu Kristo gure Jaunarengatik eta Espirituak ematen digun maitasunagatik, eskabide hau egiten dizuet, senideok: lagun diezadazuela eginahalean, Jainkoari nire alde otoitz eginez,

31 Judean fedeari aurka egiten diotenen esku eror ez nadin, eta Jerusalemgo fededunek ongi har dezaten daramakiedan laguntza.

32 Horrela, Jainkoak nahi badu, pozez beterik iritsiko naiz zuengana eta atsedenaldia hartu ahal izango dut zuekin.

33 Bakearen Jainkoa zuek guztiokin! Amen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16