14 Senideok, neure aldetik, ziur dakit zuek onginahiz beterik eta jakite guztiz horniturik zaudetena, eta elkarri argi egiteko gai zaretena.
15 Hala ere, ausardia handi samarrez idatzi dizuet han edo hemen, zenbait gauza gogorarazteko. Jainkoarengandik hartu dudan dohainak ematen dit horretarako bide,
16 Jesu Kristoren zerbitzari egin bainau jentilentzat. Apaiz batek bezala betetzen dut Jainkoaren berri ona adierazteko eginkizuna; horrela, jentilak, Espiritu Santuak sagaraturik, Jainkoarentzat opari atsegingarri izan daitezen.
17 Jainkoaren zerbitzuari dagokionean, Kristorengan jartzen dut harrotzeko neure bidea;
18 horregatik, hau bakarrik aipatzera ausartuko nintzateke: Jesu Kristok nire bidez ekarri dituela jentilak fedea onartzera, hitzez eta egitez,
19 mirari eta egintza harrigarrien indarrez, Espirituaren ahalmenez. Horrela, Jerusalemdik hasi eta inguru guztietan barrena Iliriaraino, Kristoren berri onaren zabalkuntza burutua utzi dut.
20 Hauxe zen niretzat garrantzizkoena: Kristoren izena entzuna ere ez zen tokietan berri ona zabaltzea. Ez nuen nahi bestek ipinitako oinarrien gainean eraiki,