Lukas 1 EABD

Hitzaurrea. Eskaintza

1 Teofilo agurgarria, askok ekin diote gure artean izan diren gertakarien historia idazteari,

2 hasieran begizko testigu eta gero berri onaren predikari izandakoek jakinarazi digutenaren arabera.

3 Neuri ere on iruditu zait dena bere harian zuretzat idaztea, hasieratik guztia zehatz-mehatz aztertu ondoren,

4 jaso dituzun irakaspenak zein finkatuak dauden ikus dezazun.

JESUSEN AURKEZPENA (1,5—4,13)

Jaiotza eta haurtzaroa (1,5—2,52)

Joan Bataiatzailearen jaiotza iragarri

5 Herodes Judeako erregearen garaian, bazen Zakarias zeritzan apaiz bat, Abiaren apaiz-sailekoa; haren emaztea, Elisabet, Aaronen ondorengoa zen.

6 Zintzoak ziren biak Jainkoaren aurrean, eta Jaunaren agindu eta legeak huts egin gabe betez bizi ziren.

7 Ez zuten haurrik, Elisabet agorra baitzen, eta urteetan aurreratuak biak.

8 Behin batean, Zakarias apaiz-zerbitzua egiten ari zen tenpluan Jainkoaren aurrean, bere apaiz-sailaren txanda baitzen.

9 Apaizen ohituren arabera, berari egokitu zitzaion Jaunaren santutegira sartzea intsentsua eskaintzeko.

10 Herri guztia kanpoan zegoen otoitzean, intsentsua eskaintzen zen bitartean.

11 Hartan, Jaunaren aingeru bat azaldu zitzaion Zakariasi, intsentsu-aldarearen eskuinean zutik.

12 Hura ikustean, ikaratu egin zen Zakarias eta beldurrak hartu zuen.

13 Baina aingeruak esan zion:—Ez beldurtu, Zakarias, entzun du Jainkoak zure eskaria. Zeure emazte Elisabetek semea emango dizu eta Joan ipiniko diozu izena.

14 Pozez beteko zara, eta beste jende asko ere poztuko da haren jaiotzaz,

15 handia izango baita benetan Jaunaren aurrean. Ez du ardorik, ez pattarrik edango, eta amaren sabeletik bertatik Espiritu Santuaz beteko du Jainkoak.

16 Israeldar asko bihurtuko ditu beren Jainko Jaunarengana.

17 Eliasen espiritu eta ahalmenaz jantzirik, Jaunaren aurretik etorriko da, gurasoak eta seme-alabak elkarrekin baketzeko eta errebeldeak zintzoen senera bihurtzeko; horrela prestatuko du herria Jauna onartzeko.

18 Zakariasek esan zion aingeruari:—Nola jakin dezaket horrela gertatuko dena? Ni zaharra naiz, eta emaztea ere urteetan aurreratua.

19 Aingeruak erantzun zion:—Ni Gabriel naiz eta Jainkoaren zerbitzura nago; berak bidali nau zuri hitz egitera eta berri hau ematera.

20 Hara, mutu geldituko zara eta ezin izango duzu hitz egin hau guztia gertatu arte, bere garaian beteko diren nire hitzak sinetsi ez dituzulako.

21 Bien bitartean, herria Zakariasen zain zegoen, santutegian horrenbeste luzatzen zuelako harriturik.

22 Irten zenean, ezin zien hitz egin, eta jabetu ziren ikuskariren bat izan zuela santutegian; keinuka egiten zien, mutu gelditua baitzen.

23 Tenpluko bere zerbitzu-egunak amaitu zituenean, etxera itzuli zen.

24 Handik laster, Elisabet emaztea haurdun gelditu zen, eta bost hilabetez etxetik atera gabe egon zen. Hau zioen:

25 «Hara zer egin nahi izan duen Jaunak nire alde, jendearen aurrean nuen lotsa kentzeko».

Jesusen jaiotza iragarri

26 Handik sei hilabetera, Jainkoak Gabriel aingerua bidali zuen Nazaret zeritzan Galileako herri batera,

27 birjina batengana; birjinak Maria zuen izena, eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.

28 Aingeruak, Mariarenean sarturik, esan zion:—Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.

29 Hitz hauek entzutean, ikaratu egin zen Maria eta agur horrek zer esan nahi ote zuen galdetzen zion bere buruari.

30 Aingeruak esan zion:—Ez beldurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu.

31 Hara, haurdun gertatuko zara, semea izango duzu eta Jesus ipiniko diozu izena.

32 Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta bere aita Daviden tronua emango dio Jainko Jaunak.

33 Israel herriko errege izango da betiko, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango.

34 Mariak esan zion aingeruari:—Baina nola gerta daiteke hori, ez bainaiz gizon batekin bizi?

35 Aingeruak erantzun zion:—Espiritu Santua etorriko da zuregana eta Goi-goikoaren indarrak hodeiak bezala estaliko zaitu; horregatik, zuregandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote.

36 Begira, Elisabet zure lehengusina ere haurdun gertatu da bere zaharrean eta sei hilabeteko dago agorra omen zena;

37 Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik.

38 Orduan, esan zuen Mariak:—Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala.Eta aingeruak utzi egin zuen.

Mariak Elisabeti ikustaldia

39 Handik egun batzuetara, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin,

40 eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion.

41 Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet,

42 eta goraki esan zuen: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua!

43 Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko?

44 Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean.

45 Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!»

Mariaren kantika

46 Orduan, Mariak esan zuen:

47 «Jaunaren handitasunadut goresten,pozaren pozez daukat barrena,Jainkoa baitut salbatzaile.

48 Bere mirabe ezerez honenganjarri ditu begiak;horregatik, dohatsu deituko nauteguztiek gaurdanik.

49 Gauza handiak egin ditunire alde Ahalguztidunak.Santua da

50 eta gizaldiz gizaldi errukitsuabegirune diotenentzat.

51 Bere indar guztiaz jokatu du:buru-harroak suntsitu ditu,

52 ahaltsuak goi-postuetatik botaeta ezerezak gora jaso;

53 ondasunez bete ditugose zeudenak,eta esku-hutsik bidali aberatsak;

54 lagun etorri zaio bere herri Israeli,bere errukiaz oroiturik:

55 hala hitzemana ziengure arbasoei,Abrahami eta ondorengoeibetiko».

56 Mariak hiruren bat hilabete egin zituen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Joan Bataiatzailearen jaiotza

57 Denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen.

58 Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia izan zion Jaunak, eta harekin batean poztu ziren.

59 Jaio eta zortzi egunera, haurra erdaintzera joan ziren, eta aitaren izena ipini nahi zioten, Zakarias.

60 Baina amak esan zuen:—Ez, Joan izango du izena.

61 Esan zioten:—Ez duzu senitartean inor izen horretakorik.

62 Orduan, aitari galdetu zioten keinuka, ea zein izen nahi zion jarri.

63 Hark oholtxo bat eskatu zuen eta bertan idatzi: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren.

64 Bat-batean, mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta berriro hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zen.

65 Auzoko guztiak beldurrak hartu zituen, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri.

66 Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau?» Zeren Jauna lagun baitzuen.

Zakariasen kantika

67 Zakarias, haurraren aita, Espiritu Santuaz beterik, profeta bezala mintzatu zen, esanez:

68 «Bedeinkatua Jauna,Israelen Jainkoa,bere herriarengana etorrieta askatu duena!

69 Salbatzaile indartsua sortu digubere zerbitzari Davidenondorengoen artean.

70 Hala hitzemana zuen antzinatikbere profeta santuen ahoz:

71 salbatuko gintuelagure etsaien menpetik,gorroto gaituzten guztien eskutik;

72 horrela agertu dugure gurasoenganako errukiaeta oroitu da bere itun santuaz,

73 gure arbaso Abrahamiegindako zin-hitzaz:berak emango zigula,

74 etsaien menpetik libraturik,beldur gabe bera zerbitzatzea,

75 santutasun eta justiziaz,beraren aurreangeure bizitza guztian.

76 Eta zuri, haurtxo horri,Goi-goikoaren profetadeituko dizute,Jaunaren aurretik joango baitzarahari bidea prestatuz,

77 haren herriari salbamena,bekatuen barkamena iragarriz.

78 Gure Jainkoarenbarru errukitsuari esker,goiz-argia agertuko zaiguzeru goitik,

79 ilunperik beltzenean daudeneiargi egitera,gure pausoakbake-bidetik zuzentzera».

80 Haurra gorputzez haziz eta espirituz sendotuz zihoan; basamortuan bizi izan zen, Israel herriaren aurrean agertu beharreko eguna arte.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24