Lukas

Kapituluak 19

Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Jesus eta Zakeo

1Jesus Jerikon sartu eta herrian barrena zihoan. 2Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-burua, oso aberatsa. 3Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen, baina ezin zuen jendearengatik, txikia baitzen. 4Lasterka aurrerago joan eta pikondo batera igo zen, Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen. 5Jesusek, hara iristean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta». 6Jaitsi zen, bada, berehala eta pozik hartu zuen etxean. 7Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz». 8Zakeok, berriz, zutiturik, Jaunari esan zion:—Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei ematen dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot. 9Jesusek esan zion:—Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, gizon hau ere Abrahamen ondorengoa baita. 10Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.

Ontzako urreen parabola

11Jendea entzuten ari zitzaiola, Jesusek beste parabola bat kontatu zien, Jerusalemdik hurbil baitzen eta jendeak Jainkoaren erregetza une batetik bestera azalduko zela uste baitzuen: 12«Handiki bat urrutiko herrialde batera joan zen, errege-izendapena hartzera, gero itzultzekotan. 13Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta hamar ontzako urre banatu zizkien, esanez: “Jarri irabazian, ni itzuli bitartean”. 14«Baina herritarrek gorroto zioten eta mandatariak bidali zituzten atzetik, esatera: “Ez dugu hori errege nahi”. 15«Errege-izendapena harturik itzuli zenean, dirua banatu zieneko morroiak beregana deitu zituen, bakoitzak zer irabazi ote zuen jakiteko. 16Aurkeztu zen lehenengoa eta esan zion: “Jauna, zure ontzakoak hamar halako eman du”. 17Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi ona! Gauza gutxian leial izan zarenez gero, hartzazu hamar hirietako agintea”. 18Joan zen, gero, bigarrena eta esan zion: “Jauna, zure ontzakoak bost halako eman du”. 19Honi ere nagusiak esan zion: “Izan zaitez bost hiriren buru”. 20Joan zen beste bat eta esan zion: “Jauna, hemen duzu zeure ontzakoa; zapi batean bildua eduki dut. 21Beldur nizun, gizon gogorra zarelako, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen duzuna”. 22Nagusiak, orduan: “Zeure esanez kondenatuko zaitut, morroi gaizto hori! Bazenekien gizon gogorra naizena, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen dudana. 23Nolatan ez zenuen, bada, nire dirua bankuan ipini? Horrela, itzultzean, korrituekin jasoko nuen”. 24Eta bertan zeudenei esan zien: “Ken iezaiozue ontzakoa eta eman hamar dituenari”. 25Haiek erantzun zioten: “Jauna, lehendik hamar ontzako ez ditu, bada?” 26Nagusiak erantzun zien: “Fruitua dakarrenari eman egingo zaio; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio. 27Eta errege nahi ez ninduten etsai horiek, berriz, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean”».

JERUSALEMEN (19,28—23,56a)

Jesus Jerusalemen Mesias bezala sartu

28Hitz hauek esan ondoren, Jerusalemera bidean gora jarraitu zuen Jesusek, denen aurretik. 29Oliamendi inguruko Betfage eta Betania herrixketara hurbildu zelarik, bere ikasleetako bi bidali zituen Jesusek, 30esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; sartzean, astakume bat aurkituko duzue lotuta, gainean inor jarri ez zaiona; askatu eta ekarri niri. 31Norbaitek zergatik askatzen duzuen galdetuko balizue, erantzun: “Jaunak behar du”». 32Joan ziren, bada, bidalitakoak, eta Jesusek esan bezala aurkitu zuten dena. 33Astakumea askatzen ari zirela, jabeek galdetu zieten:—Zergatik askatzen duzue astakumea? 34—Jaunak behar du —erantzun zuten haiek. 35Jesusi ekarri zioten eta, beren jantziak astakumeari bizkarrean ezarririk, gainean eserarazi zuten. 36Eta, pasatzean, jantziak zabaltzen zituzten bidean. 37Oliamenditik behera hartzera zihoala, ikasle guztiak multzoan, pozez beterik, Jainkoa ozenki goresten hasi ziren, ikusi zituzten mirari guztiengatik. 38Honela zioten: «Bedeinkatua Jaunaren izenean datorren erregea! Bakea zeruan eta aintza Jainko gorenari!» 39Jendarteko fariseu batzuek esan zioten Jesusi:—Maisu, egiezu errieta ikasleei! 40Hark erantzun zien:—Egia esan, hauek isilduko balira, harriek egingo lukete oihu.

Jerusalemengatik aieneka

41Jesus, hurbildu eta hiria ikustean, negarrez hasi zen berarengatik, 42eta esan zuen: «Ai Jerusalem, ulertuko bazenu zuk ere gaur bakerako bidea! Baina ez zara gauza ikusteko. 43Etorriko zaizu, bai, garaia, zeure etsaiek lubakiz inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko dizuten garaia; 44erraustu egingo zaituztete zeu eta zeure bizilagunak, eta ez dizute harririk harri gainean utziko, Jainkoak eskaini dizun salbamen-aukera aintzat hartu ez duzulako».

Tenpluan emandako irakaspenak (19,45—21,4)

Jesusek tenplua garbitu

45Jesus, tenpluan sarturik, bertan salerosketan ari zirenak kanpora botatzen hasi zen, 46esanez: «Liburu Santuak dio: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue». 47Egunero tenpluan irakasten jardun ohi zuen. Apaizburuak, lege-maisuak eta herriko handikiak Jesus hil nahian zebiltzan; 48baina ez zuten asmatzen zer egin, herri guztia aho zabalik baitzegoen hari entzuten.