Lukas
Kapituluak 7
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Jainkoaren erregetza iritsi deneko ezaugarriak (7,1-50)
Erromatar ehuntariaren sinesmena
1Herriari egindako hitzaldi hau amaiturik, Jesus Kafarnaumen sartu zen.
2Bazen han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat zuen oso maitea; morroia gaizki zegoen, hilzorian.
3Jesusen berri entzunik, judu-buruzagi batzuk bidali zizkion, morroia sendatzera etortzeko erreguaz.
4Joan ziren Jesusengana, eta arren eta arren eskatu zioten: «Merezi du zuk hori egitea,
5maite baitu gure herria eta berak egin digu sinagoga ere».
6Jesus beraiekin joan zen. Etxera hurbilduxea zela, lagun batzuk bidali zizkion ehuntariak esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez bainaiz inor zu nire etxean sartzeko.
7Horregatik, ez naiz ausartu neu zuregana joaten; aski duzu hitz bat esatea nire morroia sendatzeko.
8Neuk ere, menpekoa izanagatik, soldaduak ditut menpean, eta batari joateko agintzen badiot, joan egiten da, besteari etortzeko agindu eta etorri, morroiari zerbait egiteko esan eta hala egiten du».
9Hau entzutean, Jesus harritu egin zen hartaz eta, ondoren zetorkion jendearengana itzulirik, esan zuen: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dut aurkitu horrelako sinestedunik».
10Mandatariek, etxera itzultzean, sendatua aurkitu zuten morroia.
Emakume alargunaren semea piztu
11Ondoren, Nain izeneko herri batera joan zen Jesus, bere ikasleak eta jende asko lagun zituela.
12Herriko sarrerara hurbildu zenean, hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, zeramaten lur ematera. Herriko jende asko zihoan amarekin.
13Hau ikustean, errukitu egin zitzaion Jauna eta esan zion: «Ez egin negarrik».
14Aurreraturik, hilkutxa ukitu zuen, eta zeramatenak gelditu egin ziren. Orduan, esan zuen: «Gazte, zuri diotsut: Jaiki!»
15Jaiki zen hildakoa eta hizketan hasi, eta Jesusek amari bihurtu zion.
16Denak beldurrak hartu zituen, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Profeta handi bat sortu da gure artean». Baita ere: «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da».
17Judea eta inguruko lurralde guztian zabaldu zen gertaera honen berri.
Joan Bataiatzailearen galdera eta Jesusen aitorpena
18Kontatu zioten hau guztia Joani bere ikasleek, eta hark, ikasleetariko biri deiturik,
19Jaunarengana bidali zituen galdetzera: «Zu al zara “Etortzekoa”, ala besteren baten zain egon behar dugu?»
20Joan ziren, bada, haiek Jesusengana eta esan zioten:—Joan Bataiatzaileak bidali gaitu zuri galdetzera: «Zu al zara “Etortzekoa” ala besteren baten zain egon behar dugu?»
21Une hartan, gaitz, eritasun eta espiritu gaiztoak zeuzkan jende asko sendatu zuen Jesusek, eta itsu askori ikusmena itzuli zien.
22Ondoren, mandatariei erantzun zien:—Zoazte eta esan Joani ikusi eta entzun duzuena: itsuek ikusi egiten dute, herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berri ona ematen zaie.
23Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!
24Joanen mandatariek alde egin zutenean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendeari: «Zer ikustera irten zineten basamortura? Haizeak kulunka darabilen kanabera?
25Zer ikustera irten zineten, bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi ederrez eta luxuan dabiltzanak errege-jauregietan bizi ohi dira.
26Zer ikustera irten zineten, bada? Profetaren bat? Bai, noski, eta profeta baino ere handiagoa.
27Hartaz dago idatzia Liburu Santuan: Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik; hark prestatuko dizu aurretik bidea.
28Egia esan, ez da amaren semerik Joan baino handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere hura baino handiago da.
29«Joani entzun zion herri osoak, baita zergalariek ere, Jainkoak arrazoi zuela aitortu zuten, haren bataioa hartuz.
30Fariseu eta lege-maisuek, ordea, huts eragin zioten Jainkoak beraientzat zeukan asmoari, ez baitzuten Joanen bataioa hartu.
31«Norekin konparatuko dut, bada, gizaldi honetako jendea? Noren antzeko dira?
32Plazan eseriak dauden mutikoen antzeko dira, honela ari baitzaizkio elkarri: “Jo dizuegu txistua eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek negarrik ez”.
33«Etorri baita Joan Bataiatzailea, ez jan eta ez edan egiten ez duela, eta burutik egina dagoela diozue.
34Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta esaten duzue: “A zer tripazain eta mozkorra, zergalari eta bekatarien laguna!”
35Baina Jainkoaren jakinduria zuzena dela aitortzen dute bera onartzen duten guztiek».
Fariseua eta emakume bekatari barkatua
36Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen.
37Hartan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala.
38Jesusen atzean oinen ondoan jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurzten zizkion.
39Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Benetan profeta balitz, jakingo luke zer-nolakoa den ukitzen ari zaion emakumea, bekataria alegia».
40Jesusek esan zion:—Simon, badut zerbait zuri esateko.Hark erantzun:—Esadazu, Maisu.
41—Diru-mailegari batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak berrogeita hamar.
42Zerez ordaindurik ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?
43Simonek erantzun zion:—Gehien barkatu zionak, nik uste.Jesusek esan zion:—Zuzen diozu.
44Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan zion:—Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu.
45Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka.
46Zuk ez didazu burua olioz igurtzi; honek, berriz, oinak ukenduz igurtzi dizkit.
47Beraz, hau diotsut: Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu dizkion seinalea da; gutxi barkatzen zaionak maitasun gutxi agertzen du.
48Eta emakumeari esan zion: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak».
49Beste bazkaltiarrak beren artean hasi ziren esaten: «Nor ote dugu bekatuak barkatu ere egiten dituen hau?»
50Baina Jesusek esan zion emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu; zoaz bakean».