Lukas 13 EABD

Bihozberritu ala hil

1 Une hartan, batzuek Jesusengana joan eta zenbait galilearri gertatua kontatu zioten: nola Pilatok hil zituen, eskaintzen ari ziren abereen odolarekin beraien odola nahastuz.

2 Jesusek erantzun zien: «Galilear horiek gainerakoak baino bekatariago zirela uste al duzue, heriotza hori izan zutelako?

3 Ez horixe! Eta zuek ere, bihozberritzen ez bazarete, berdin hilko zarete denok.

4 «Eta Siloeko dorreak azpian harrapaturik hil ziren hemezortzi haiek, gainerako jerusalemdarrak baino bekatariago zirela uste al duzue?

5 Ez horixe! Eta zuek ere, bihozberritzen ez bazarete, denok hilko zarete».

Pikondo agorraren parabola

6 Gero, parabola hau esan zien Jesusek: «Gizon batek pikondo bat zuen bere mahastian aldatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu.

7 Orduan, mahastizainari esan zion: “Begira, badira hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertarako egongo da hor lurra alferrik jaten?”

8 Baina mahastizainak erantzun zion: “Jauna, utz ezazu aurtengoz; bitartean, ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot,

9 ea aurrerakoan fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”».

Emakume konkortua larunbatez sendatu

10 Behin batean, larunbatez, sinagoga batean irakasten ari zen Jesus.

11 Bazen han, hemezortzi urte hartan espiritu baten menpe gaixo zegoen emakume bat: erabat konkortua zegoen eta ezin zen inola ere zuzendu.

12 Ikustean, Jesusek deitu eta esan zion: «Emakumea, geldi zaitez libre zeure gaitzetik».

13 Eskuak ezarri zizkion eta bat-batean zuzendu zen eta Jainkoa goresten hasi.

14 Sinagogako buruzagiak, Jesusek larunbatez sendatu zuelako haserre, jendeari esan zion:—Astean sei egun daude lanerako. Zatozte egun horietan sendatzera, eta ez larunbatean.

15 Jaunak erantzun zion:—Itxurazaleok! Zuetako nork ez du larunbatez ere idia nahiz astoa ukuilutik askatu eta ura edatera eramaten?

16 Eta Abrahamen ondorengo den honi, hemezortzi urtez Satanasek lotua eduki duen honi, ez ote zitzaion larunbatez lokarri hori askatu behar?

17 Hitz hauekin, lotsa-lotsa eginik gelditu ziren Jesusen etsai guztiak; jendetza, ordea, pozik zegoen hark egiten zituen gauza miragarri guztiengatik.

Mostaza-haziaren eta legamiaren parabolak

18 Jesusek jarraitu zuen: «Zeren irudiko da Jainkoaren erregetza? Zeren antzeko dela esango nuke?

19 Gizon batek bere baratzean botatzen duen mostaza-haziaren antzekoa da: hazten da eta zuhaitz egiten, eta txoriek haren adarretan egiten dituzte habiak».

20 Berriro esan zuen: «Zeren antzeko dela esango nuke Jainkoaren erregetza?

21 Legamiaren antzekoa da: emakume batek anega bat irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».

«Sar zaitezte ate estutik»

22 Jerusalemera bidean zihoan Jesus, igarotzen zituen herri eta auzoetan irakatsiz.

23 Batek esan zion:—Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?Jesusek erantzun zuen:

24 —Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu nahi izango dute, eta ezin izango.

25 Etxeko nagusiak jaiki eta atea itxiz gero, kanpoan geldituok behin eta berriro atea joko diozue, «Ireki, Jauna» deiadarka, baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten».

26 Orduan, honela hasiko zatzaizkiote: «Zurekin jan eta edanak gara, eta zuk gure plazetan irakatsi izan duzu».

27 Baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten. Alde niregandik, gaizkileok!»

28 Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan eta zeuen buruak, berriz, kanpora jaurtiak ikustean.

29 Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.

30 «Begira, orain azkeneko den zenbait, lehenengo izango da orduan, eta orain lehenengo den zenbait, azkeneko».

Jesus bere heriotzaren aurrez aurre

31 Une hartan, fariseu batzuk joan zitzaizkion Jesusi eta esan zioten:—Zoaz, alde egizu hemendik, Herodes zu hil nahian dabil eta.

32 Jesusek esan zien:—Joan eta esaiozue gizontto horri: Begira, gaur eta bihar sendatzen eta deabruak botatzen jarraitu behar dut, eta hirugarren egunean nire azkena izango da.

33 Baina gaur, bihar eta etzi bideari jarraitu behar diot, ez baitaiteke profetarik Jerusalemdik kanpora hil.

Jesus Jerusalemengatik aieneka

34 «Jerusalem, Jerusalem, profetak hiltzen eta Jainkoak zuri bidaliak harrikatzen dituzuna! Zenbat aldiz ez ditut bildu nahi izan zure seme-alabak, oiloak bere txita-taldea hegalpean bezala, eta zuek ez duzue nahi izan.

35 Horra bada, hutsik geldituko zaizue etxea. Eta esaten dizuet ez nauzuela ikusiko, hau esango duzuen garaia arte: Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!»

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24