Lukas 12 EABD

Itxurazalekeriaren aurka

1 Bitartean, milaka eta milaka lagun bildua zen, elkar zapaldu beharrean. Jesus hizketan hasi zitzaien, lehenik ikasleei zuzenduz: «Ibili kontuz fariseuen legamiarekin, hau da, itxurazalekeriarekin.

2 Ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ere ezer ezkutuan jakingo ez denik.

3 Zeren gau-ilunez esan duzuena egun-argiz entzungo baita, eta etxe-zokoan belarrira esan duzuena etxe gainetik hots egingo.

Jainkoaren erreinua, dohain eta eskakizun (12,4—19,27)

Nori izan beldur?

4 «Entzun zuek, nire adiskideok. Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina hortik aurrera ezer egiterik ez dutenei.

5 Esango dizuet nori izan beldur: Izan beldur hiltzeko eta ondoren infernura jaurtitzeko ahalmena duenari. Bai, izan beldur horri!

6 Ez ote dira bost txori bi sosetan saltzen? Alabaina, haietako bat bakarra ere ez dauka Jainkoak ahazturik.

7 Zuen buruko ileak ere denak zenbatuak dauzka Jainkoak. Ez izan beldur: txori guztiek baino gehiago balio duzue.

Jendaurrean Jesus aitortu

8 «Egia esan, jendaurrean aitortzen nauena aitortuko du Gizonaren Semeak ere Jainkoaren aingeruen aurrean;

9 baina jendaurrean ukatzen nauena ukatu egingo dute Jainkoaren aingeruen aurrean.

10 Gizonaren Semearen kontra zerbait esaten duenari barkatuko dio Jainkoak; baina Espiritu Santuaren kontra birao egiten duenari, ez dio barkatuko.

11 «Sinagogetara eta buruzagien eta agintarien aurrera eramango zaituztetenean, ez egon kezkatan nola egin edo zer esan zeuen alde,

12 Espiritu Santuak adieraziko baitizue une hartan bertan zer esan behar duzuen».

Aberats ergelaren parabola

13 Behin batean, jendarteko batek esan zion Jesusi:—Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko.

14 Jesusek erantzun zion:—Gizon, nork egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?

15 Orduan, guztiei esan zien:—Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere.

16 Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion.

17 Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik?”

18 Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta hauetan jasoko neure garia eta gainerakoak.

19 Gero, esango diot neure buruari: Ea, mutil, baduk hor gordeta urteetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi hadi lasai”.

20 Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat izango da pilatu duzuna?”»

21 Eta honela amaitu zuen: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dituenari».

Zertaz arduratu?

22 Ondoren, bere ikasleei esan zien Jesusek: «Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango, edota gorputza zerez jantziko.

23 Izan ere, bizia janaria baino gehiago da, eta gorputza jantzia baino gehiago.

24 Begira beleei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen; ez dute bihitegirik, ez mandiorik; hala ere, Jainkoak janaritzen ditu. Zenbat gehiago ez ote duzue balio zuek hegaztiek baino!

25 Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?

26 Beraz, gauzarik txikiena ere ezin baduzue, zertan kezkatu gainerakoaz?

27 Begira nola hazten diren loreak: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare.

28 Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, zenbat gehiago ez ote zaituzte jantziko zuek, sinesmen gutxikook?

29 «Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila.

30 Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zuen Aitak badaki horren beharra duzuena.

31 Ardura zaitezte, ordea, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emango dizue Jainkoak.

32 Ez izan beldur, ene artaldetxo hori, atsegin izan baitu zuen Aitak zuen alde errege izatea.

33 «Saldu zeuen ondasunak eta eman limosna. Pila itzazue zeruan hondatuko ez diren ondasunak, huts egingo ez dizueten aberastasunak, hara ez baita lapurrik hurbiltzen, ezta han sitsak jaten ere.

34 Zeren, zuen aberastasuna non, zuen bihotza han.

Morroi erneak

35 «Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik;

36 izan zaitezte nagusia ezteietatik itzuli zain dauden morroiak bezala, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dauden morroiak bezala.

37 Zorionekoak morroi horiek, nagusiak, iristean, zain aurkitzen baditu. Benetan diotsuet: Arropak aldaturik, mahaian eseraraziko ditu eta zerbitzatzen hasiko zaie.

38 Eta gauerdian edo goizaldera badator eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek!

39 «Gogoan hartu hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko.

40 Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea».

41 Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?»

42 Jaunak esan zuen: «Izan zaitezte etxezain leial eta zentzuduna bezala, nagusiak bere orduan otordua banatzeko morroien buru ipini duena bezala.

43 Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu!

44 Benetan diotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko du.

45 Baina morroia, nagusiak luzatu egingo duelakoan, morroi eta neskameak jotzen, jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada,

46 gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, eta zigorrik gogorrena ezarriko dio, eta desleialek merezi duten zoria emango.

47 Nagusiaren gogoa zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor zorrotza izanen du;

48 nagusiaren gogoa zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko.

Jesusek banaketa sortu

49 «Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego!

50 Heriotza-uretan murgildu behar dut, eta hau nire larria hori bete arte!

51 «Munduari bakea ematera etorria naizela uste al duzue? Egia esan, bakea ez, banaketa baizik.

52 Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak elkarrekin banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra;

53 aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren kontra eta alaba amaren kontra, amaginarreba errainaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra».

Garaien ezaugarriak sumatzen jakin

54 Jesusek hau ere esan zion jendeari: «Sartaldean lainoa ikusi orduko, “Euria dator” esaten duzue, eta hala gertatzen da.

55 Hego-haizea denean, berriz, “Sargoria dugu” esaten duzue, eta hala gertatzen da.

56 Itxurazaleok! Badakizue zeru-lurren itxurari antzematen, eta nola ez diozue antzematen garai honi?

Bakezkoak garaiz egin

57 «Zergatik ez duzue zeuen kabuz zuzen dena erabakitzen?

58 Esate baterako, etsaiarekin auzitegira zoazela, saia zaitez bidean harekin konponbidea aurkitzen; bestela, epaileagana eramango zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan jarriko eta ertzainak kartzelara botako.

59 Egia esan, ez zara handik aterako azken semeikoa ordaindu arte».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24