Lukas
Kapituluak 22
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Pazko-afaria eta nekaldia (22,1—23,56a)
Jesusen kontra zelatan
1Hurbil zen Legamia gabeko Ogien Jaia, Pazko-jaia ere deitua.
2Apaizburu eta lege-maisuak Jesus nola hilko zebiltzan, baina herriaren beldur ziren.
3Orduan, Satanas sartu zen Hamabien taldeko Judasengan, Iskariote deituarengan.
4Judas apaizburu eta tenpluko guardiaburuengana joan zen, haien eskuetara Jesus nola eman hitz egitera.
5Poztu egin ziren haiek, eta Judasi dirua ematea erabaki zuten.
6Honek onartu egin zuen, eta jendeak jakin gabe Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen.
Azken afarirako prestaketak
7Iritsi zen Legamia gabeko Ogien Jaieguna, Pazko-bildotsa hil behar zeneko eguna.
8Orduan, Pedro eta Joan bidali zituen Jesusek, esanez:—Zoazte guretzat Pazko-afaria prestatzera.
9Haiek galdetu zioten:—Non prestatu behar dugu?
10Jesusek erantzun:—Hara, hirian sartzean, ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari sartuko den etxeraino,
11eta esan bertako nagusiari: «Maisuak galdetzen dizu non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia».
12Hark gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik; prestatu hantxe.
13Joan ziren, eta dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.
Azken afaria: hona nire gorputz-odolak!
14Ordua etorri zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin.
15Eta esan zien: «Banuen gogoa sufritu aurretik Pazko-afari hau zuekin egiteko!
16Zeren, egia esan, ez baitut Pazkorik gehiago ospatuko Jainkoaren erreinuan bere betera iritsi arte».
17Eta, kopa harturik, esker oneko otoitza egin eta esan zuen: «Hartzazue eta eman elkarri.
18Zeren, egia esan, ez baitut gaurdanik gehiago ardorik edango Jainkoa errege izaten hasi arte».
19Gero, ogia hartu zuen eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez: «Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».
20Berdin egin zuen koparekin afalondoan, esanez: «Kopa hau itun berria da, zuentzat isurtzen den nire odolaz Jainkoak ezarria.
Judasen saldukeriaren iragarpena
21«Baina begira, nirekin mahaian dago salduko nauena.
22Gizonaren Semea badoa, erabakia dagoenez; baina dohakabea salduko duena!»
23Orduan, ikasleak elkarren artean galdezka hasi ziren, nork egin ote zezakeen horrelakorik.
Nor handiena? Ikasleei agintzaria
24Ikasleak eztabaidan hasi ziren beren artean, beraietan zein ote zen handiena.
25Jesusek esan zien: «Herrietako erregeek menpean hartzen dituzte herriak, eta agintedunek “Ongile” izena nahi izaten dute berentzat.
26Zuek ez jokatu horrela. Zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko.
27Zein ote da handiago, mahaian dagoena ala zerbitzatzen ari dena? Ez ote mahaian dagoena? Bada, ni zerbitzari bezala nago zuen artean.
28«Zuek sendo iraun duzue nirekin nire probaldietan.
29Eta nik erregetza ematen dizuet, Aitak neuri eman zidan bezala:
30ni errege izango naizenean, nire mahaian jan eta edango duzue, eta tronuetan eseriko zarete, Israel herriko hamabi leinuak epaitzeko.
Gainean da probaldia. Pedroren ukoen iragarpena
31«Simon, Simon! Satanasek beretzat nahi zaituzte, garia galbahean bezala zuek astintzeko.
32Baina nik otoitz egin dut zure alde, sinesmena gal ez dezazun. Eta zuk, niregana bihurtzean, sendo itzazu senideak».
33Pedrok esan zion:—Jauna, prest nago zurekin kartzelara eta heriotzara ere joateko.
34Jesusek, orduan:—Egia esan, Pedro, gaur oilarrak jotzerako, hiru aldiz ukatuko duzu ni ezagutzen nauzula.
35Ondoren, ikasleei esan zien:—Falta izan al zenuten ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetakorik gabe bidali zintuztedanean?Haiek erantzun:—Ezer ere ez.
36Jesusek, berriro:—Orain, bada, poltsa duenak har dezala eta berdin zakutoa duenak; eta ezpatarik ez duenak sal dezala soingainekoa, hura erosteko.
37Zeren, egia esan, niregan bete beharra baita Liburu Santuak dioena: Bekatarien kidekotzat jo zuten. Izan ere, nireak laster egingo du.
38Haiek esan zioten:—Jauna, baditugu hemen bi ezpata.Baina Jesusek erantzun:—Aski da!
Oliamendiko otoitz larria
39Ondoren, Jesus atera eta Oliamendirantz abiatu zen, ohi zuenez, eta ikasleak ere bai haren ondoren.
40Hara iristean, Jesusek esan zien: «Egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko».
41Eta, haiengandik harrikada bat bide aldendurik, belauniko honela egiten zuen otoitz:
42«Aita, nahi baduzu, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zure nahia, ez nirea».
43Zeruko aingeru bat agertu zitzaion, kemen emanez.
44Eta, larriak harturik, oraindik lehiatsuago egiten zuen otoitz. Izerdia tantaka zerion lurrera, odola bezain lodi.
45Otoitzetik jaikirik, ikasleengana joan zen; nahigabearen nahigabez lokarturik aurkitu zituen,
46eta esan zien: «Nola zaudete lo? Jaiki eta egin otoitz, tentaldian ez erortzeko».
Jesus atxilotua
47Jesus hizketan ari zela, jende-multzo bat azaldu zen; Hamabietako bat, Judas zeritzana, zetorren haien buru, eta Jesusengana hurbildu zen musu ematera.
48Jesusek esan zion: «Judas, musu batez saltzen al duzu Gizonaren Semea?»
49Gertatzera zihoanaz oharturik, Jesusen inguruan zeudenek esan zioten: «Jauna, erasoko al diegu ezpataz?»
50Eta haietako batek apaiz nagusiaren morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion.
51Baina Jesusek esan zuen: «Utzi! Aski da!»Eta, belarria ukiturik, sendatu egin zion.
52Orduan, haren aurka etorriak ziren apaizburu, tenpluko guardiaburu eta zaharrei esan zien: «Ezpataz eta makilaz etorri zarete lapur baten bila bezala.
53Egunero tenpluan zuekin nintzen, eta ez zenidaten eskurik bota. Baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia».
Pedrok Jesus ukatu
54Jesus preso hartu eta apaiz nagusiaren etxera eraman zuten. Pedrok urrutitik jarraitzen zion.
55Batzuk patio erdian sua piztu eta haren inguruan eseri ziren, eta haien artean eseri zen Pedro ere.
56Neskame batek, Pedro sutondoan eseria ikustean, begira jarri eta esan zuen:—Hau ere Jesusekin zebilen.
57Baina hark ukatu, esanez:—Emakume, ez dinat ezagutzen hori.
58Handik berehala, beste batek ikusi eta esan zion Pedrori:—Hi ere haietakoa haiz.Pedrok, orduan:—Ez, mutil!
59Handik ordubete ingurura, beste batek berriro esan zuen:—Bai, hau ere Jesusekin bizi huen, galilearra duk eta.
60Pedrok erantzun zuen:—Ez zekiat zertaz ari haizen, mutil!Eta une berean, oraindik hizketan ari zela, oilarrak jo zuen.
61Itzuli zen Jauna eta Pedrori begiratu zion. Gogoratu zitzaion Pedrori Jaunak esandakoa: «Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu»,
62eta, kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki.
63Jesus preso zeukatenak isekaz ari zitzaizkion eta joka.
64Begiak estalirik, honela galdetzen zioten: «Asma ezak, profeta, nork jo hau?»
65Eta beste hitz iraingarri asko esaten zioten.
Jesus judu-biltzarraren aurrean
66Eguna zabaldu zuenean, herriko zaharren kontseilua, apaizburuak eta lege-maisuak bildu ziren, eta Jesus Biltzar Nagusira eraman zuten.
67Honela esan zioten:—Mesias baldin bazara, esaguzu.Hark erantzun:—Baietz esaten badizuet, ez didazue sinetsiko
68eta, galdetzen badizuet, ez didazue erantzungo.
69Baina hemendik aurrera Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuinean eserita egongo da.
70Orduan, denek esan zuten:—Zu zara, beraz, Jainkoaren Semea?Hark erantzun zien:—Zeuek diozue, neu naiz.
71Haiek, orduan:—Ba ote dugu lekuko beharrik? Geuk entzun diogu bere ahotik.