Lukas
Kapituluak 17
Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)
Eskandalua. Iraina eta barkamena
1Jesusek esan zien ikasleei: «Nahitaezkoa da munduan galbideak gertatzea, baina dohakabea inoren sinesmena galbidean jartzen duena!
2Hobe luke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora botako balute, txiki hauetakoren bat galbidean jartzea baino.
3Kontuz ibili!«Senideren batek iraintzen bazaitu, egiozu errieta, eta, damutzen bada, barkatu.
4Eta egunean zazpi aldiz iraintzen bazaitu eta zazpi aldiz etortzen bazaizu “Damu dut” esanez, barkatu».
Sinesmena eta zerbitzua
5Apostoluek eskatu zioten Jaunari:—Gehi ezazu sinesmena guregan.
6Jaunak erantzun zuen:—Sinesmena bazenute, mostaza-hazia bezain txikia izanik ere, pikondo honi «Atera hortik eta landatu itsasoan» esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke.
7«Emazue zuetako batek morroi bat duela soro-lan edo artzaintzarako. Morroia etxeratzean, “Hator berehala mahaira” esaten ote dio?
8Ez ote dio beste hau esaten: “Presta iezadak afaria, jantzi amantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko duk hik”?
9Morroiari esker ona zor ote dio agindua bete duelako?
10Zuek ere berdin: agindu zaizuen guztia egin eta gero, esan: “Morroi gizagaixo batzuk gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin”».
Jesusek hamar legendun sendatu
11Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean barrena zihoan Jesus.
12Herri batean sartzerakoan, hamar legendun atera zitzaizkion bidera. Urruti gelditurik,
13deiadarka esan zioten:—Jesus, Maisu, erruki zakizkigu!
14Jesusek, ikustean, esan zien:—Joan eta azaldu apaizengana.Bidean zihoazela, garbi gelditu ziren.
15Haietako bat, sendatua zegoela oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz itzuli
16eta Jesusen oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez; samariarra zen bera.
17Jesusek esan zuen: «Ez ote dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak?
18Ez al da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?»
19Gero, esan zion: «Jaiki eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».
Jainkoaren erregetzaren etorrera
20Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zen galdetu zioten fariseuek; Jesusek erantzun zien:—Jainkoaren erregetza ez da nabarmen etorriko.
21Ezin esango da: «Hona hemen» edo «Hara han»; zeren Jainkoaren erregetza zuen artean baitago jadanik.
22Gero, ikasleei esan zien: «Iritsiko zaizue Gizonaren Semearen etorrerako egun bat bederen ikusi nahi izango duzuen garaia, baina ez duzue ikusiko.
23Orduan, “Hona hemen, hara han” esango dizuete. Baina zuek ez joan, ez atera atzetik lasterka.
24Izan ere, tximistak une batean zerualde batetik besteraino distira egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semea etorriko den egunean.
25Baina aurretik asko sufritu behar du, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo du.
26«Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen garaian ere.
27Jan-edanean ziharduen jendeak, eta ezkondu egiten ziren, Noe ontzian sartu zen arte; baina etorri zen uholdea eta denak galdu zituen.
28«Gauza bera gertatu zen Loten garaian ere: jan eta edan, saldu eta erosi, landatu eta eraiki egiten zuen jendeak;
29baina Lot Sodomatik atera zen egunean, su eta sufrezko euria egin zuen zerutik eta denak galdu zituen.
30«Hala gertatuko da Gizonaren Semea agertuko den egunean ere.
31Egun hartan, etxe gainean dagoena eta bere gauzak etxean dituena ez bedi hartzera jaits; era berean, soroan dena ez bedi atzera itzul.
32Oroitu Loten emazteaz.
33«Bere bizia segurtatu nahi duenak galdu egingo du; galtzen duenak, berriz, onik aterako du.
34Egia esan, gau hartan bi egongo dira ohe berean: bata eraman eta bestea utzi egingo dute.
35Bi emakume ariko dira batera ehotzen: bata eraman eta bestea utzi egingo dute». (
36).
37Ikasleek galdetu zioten, orduan:—Non izango da hori, Jauna?Jesusek erantzun zien:—Sarraskia non, han biltzen dira putreak.