58 Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia izan zion Jaunak, eta harekin batean poztu ziren.
59 Jaio eta zortzi egunera, haurra erdaintzera joan ziren, eta aitaren izena ipini nahi zioten, Zakarias.
60 Baina amak esan zuen:—Ez, Joan izango du izena.
61 Esan zioten:—Ez duzu senitartean inor izen horretakorik.
62 Orduan, aitari galdetu zioten keinuka, ea zein izen nahi zion jarri.
63 Hark oholtxo bat eskatu zuen eta bertan idatzi: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren.
64 Bat-batean, mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta berriro hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zen.