27 Jesusek gauza hauek esaten ziharduela, emakume batek jendartetik deiadarka esan zion:—Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!
28 Baina Jesusek esan zuen:—Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!
29 Jende asko biltzen ari zitzaiola, Jesus honela hasi zitzaien: «Gizaldi hau gaiztoa da; mirarizko seinale eske ari da, baina ez zaio seinalerik emango, Jonas profetarena baizik.
30 Zeren, Jonas ninivetarrentzat seinale gertatu zen bezala, hala gertatuko baita Gizonaren Semea ere gizaldi honentzat.
31 Hegoaldeko erreginak auzi-egunean gizaldi honetako jendearen kontra altxatu eta kondenatu egingo du, munduaren bazterretik etorri baitzen Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta baduzue hemen Salomon baino handiagoa den bat.
32 Ninivetarrek ere auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo dute, beraiek bihozberritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta baduzue hemen Jonas baino handiagoa den bat.
33 «Inork ez du kriseilua pizten eta ezkutuan edo ontzipean ipintzen, argimutilaren gainean baizik, sartzen direnek argia ikus dezaten.