4 Haiek isilik gelditu ziren. Orduan, Jesusek gaixoa eskutik hartu, sendatu eta bidali egin zuen.
5 Gero, haiei esan zien: «Zuetako nork, semea nahiz idia putzura erortzen bazaio, ez du berehala ateratzen, larunbata izanagatik?»
6 Erantzun ezinik gelditu ziren.
7 Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman zizkien:
8 «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta;
9 hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian.
10 Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean.