23 Zihoazela, loak hartu zuen Jesus. Aintziran haize-bolada sortu zelarik, ontzia urez betetzen ari zitzaien eta arriskuan zeuden.
24 Ikasleek, Jesusengana hurbildurik, esnarazi egin zuten, esanez:—Maisu, Maisu! Galzorian gaude!Hark, esnaturik, haserre egin zien haizeari eta olatuei; hauek oneratu eta dena bare gelditu zen.
25 Orduan, esan zien ikasleei:—Non da zuen sinesmena?Haiek, beldurrez eta harriturik, elkarri ziotsaten: «Nor ote dugu hau, haizeari eta urari ere agindu eta esana egiten baitiote?»
26 Gerasatarren lurraldera, Galileaz beste aldeko aintzira-bazterrera, iritsi ziren.
27 Jesus lehorrera jaitsi orduko, herriko gizon bat, deabruduna, atera zitzaion bidera; aspalditik jantzi gabe zebilen, eta ez zen etxean bizi, hilobietan baizik.
28 Jesus ikustean, oihuka hasi eta, aurrean ahuspezturik, deiadarka esan zuen:—Zer duzu nirekin, Jesus, Goi-goikoaren Seme horrek? Arren, ez nazazu oinazetu.
29 Izan ere, gizon harengandik irteteko agindua baitzion Jesusek espiritu gaiztoari. Zeren sarritan hartzen baitzuen deabruak bere menpe; eta, zaintzeko girgiluz eta katez lotzen bazuten ere, lokarriak hautsi egiten zituen, eta deabruak toki bakartietara bultzatzen zuen.