4 Saulek esan zion bere ezkutariari: «Atera ezpata eta sar iezadak alderik alde, jentil arrotz horiek niri barre egitera etorri baino lehen».Ezkutariak, ordea, ez zuen nahi izan, bera ere beldurrak jota baitzegoen. Orduan, Saulek ezpata hartu eta gainera bota zuen bere burua.
5 Ezkutariak ere, Saul hila ikustean, ezpata gainera bota zuen bere burua eta horrela hil.
6 Halaxe hil ziren Saul eta beronen hiru semeak. Egun berean errege-familia osoa galdu zen.
7 Haranean bizi ziren israeldarrak, beren gudarosteak ihes egin zuela eta Saul bere semeekin batera hil zela ikustean, beren hiriak utzi eta ihesi joan ziren. Orduan, filistearrak hiri haietan jarri ziren bizitzen.
8 Biharamunean, hildakoei lapurreta egitera etorri ziren filistearrak; orduan ikusi zuten hilotz zeudela Gilboa mendian Saul eta beronen semeak.
9 Sauli, lapurreta egin ondoren, burua moztu eta armak kendu zizkioten, eta filistearren artera mezulariak bidali zituzten, idoloen jauretxeetan herriari berri ematera.
10 Gero, beren jainkoetariko baten jauretxean utzi zituzten Saulen armak; burezurra, berriz, Dagon jainkoaren jauretxean josi zuten.