1 Kronikak 11 EABD

David, Juda eta Israelgo errege

1 Israeldar guztiak Hebronen bildu ziren Davidengana eta esan zioten: «Zeure odolekoak gaituzu gu ere.

2 Lehendik, Saul errege zelarik, zeuk zenituen Israelen joan-etorriak gidatzen. Jaunak, zeure Jainkoak, esana dizu: “Zeuk gidatuko duzu ene herri Israel, eta zeu izanen zara ene herri Israelen agintari”».

3 Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta honek hitzarmena egin zuen haiekin han, Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten David, Jaunak Samuelen bidez esana zuen bezala.

David Jerusalemez jabetu

4 Davidek, israeldar guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, hau da, Jebusera; lurralde hartan bizi ziren jebustarrak.

5 Hauek esan zioten Davidi: «Ez haiz hona sartuko».Hala ere, jabetu zen David Siongo gotorlekuaz, gerora «Daviden Hiri» deituko zenaz.

6 Esana zuen Davidek: «Jebustar bat hil dezan lehenengoa buruzagi eta gudalburu eginen dut». Tzeruiaren seme Joab izan zen lehenengoa erasotzen; horregatik, erregeak bera egin zuen buruzagi.

7 David gotorleku hartan gelditu zen bizitzen; horregatik, «Daviden Hiri» deitu zuten.

8 Inguru guztian hiria eraiki zuen, Milo deritzan lubetatik barnerantz; bitartean, Joabek hiriko beste alderdiak berriztatu zituen.

9 David geroz eta indartsuago egiten ari zen, eta berekin zuen Jaun ahalguztiduna.

Daviden gudariak

10 Hona hemen Davidi, bere erregealdian, israeldar guztiekin batera, lagundu zioten buruzagi adoretsuak; hauek ahalegindu ziren David errege izan zedin, Jaunak Israeli esan bezala.

11 Hona hemen Daviden gudari adoretsu haien izenak: Jaxobeam, hakmondarra, hiru ausarten buruzagia. Behin batez, hirurehun gizonen kontra astindu zuen bere lantza, eta denak hil zituen.

12 Honen ondoren, Eleazar, Dodo ahohitarraren semea, hiru gudari haietakoa.

13 Davidekin zen hau Pas-Damimen, filistearrak borrokarako bildu zirenean. Jendeak ihes egin zuen filistearrengandik. Bazen han garagar-sail bat eta

14 Eleazarrek eta bere gizonek, sailaren erdian tinko, defendatu egin zuten, filistearrak hilez. Garaipen handia lortu zuen Jaunak.

15 Beste batean, hogeita hamarren taldeko hiru buruzagi haitzartera jaitsi ziren Davidengana, Adulamgo leizera. Filistearrak refatarren haranean zeuden kanpatuak.

16 David, berriz, bere babeslekuan zegoen; filistearrek gudari-talde bat zuten Belenen.

17 Davidek gogo hau adierazi zuen: «Norbaitek, Belengo atean dagoen urtegitik ura ekarriko balit edateko… !»

18 Hiru haiek, filistearren gudari-tokira sartu, Belengo atean dagoen urtegitik ura atera eta Davidi eraman zioten. Davidek, ordea, ez zuen edan nahi izan, eta isuri egin zuen Jaunarentzako eskaintza bezala.

19 Hau esan zuen: «Libra nazala ene Jaunak ur hau edatetik! Bizia arriskatu duten gizon horien odola edatea izango litzateke, bizia arriskatu baitute ur hau ekartzeko». Eta ez zuen edan nahi izan.Hauxe egin zuten gudari adoretsu haiek.

20 Joaben anaia Abixai zen hogeita hamarren buruzagia. Hirurehunen kontra astindu zuen honek bere lantza eta hil egin zituen. Horregatik, izen handia hartu zuen hiru gudarien artean.

21 Hogeita hamarrak baino bi bider ospetsuago izan zen eta denen buruzagi. Hala ere, ez zen hiru haiek adinakoa izan.

22 Joiadaren seme Benaias gizon kementsua zen eta egintza bikain asko egina. Kabtzeelgoa zen. Hark hil zituen lehoiak bezain ausart ziren bi moabdarrak. Elurra ari zuen batean, urtegira jaitsi eta lehoia hil zuen bertan.

23 Berak hil zuen bi metro eta erdiko egiptoar erraldoi bat ere. Ehuleen ardatza zirudien lantza zeraman egiptoarrak eskuan; Benaiasek, berriz, makila besterik ez zekarren. Honek lantza eskutik kendu eta berarekin hil zuen egiptoarra.

24 Horra, bada, zer egin zuen Joiadaren seme Benaiasek; horregatik, izen handia zuen hiru gudari adoretsuen artean.

25 Hogeita hamar gudarietan ospetsuena izan zen; baina ez hiru haiek adinakoa. Davidek bere zaintzaileen buru egin zuen.

26 Hona hemen beste gudari ospetsuen izenak: Asahel, Joaben anaia; Belengo Elhanan, Dodoren semea;

27 Harodeko Xamot; Pelongo Heletz;

28 Ira, Tekoako Ikexen semea; Anatoteko Abiezer;

29 Huxako Sibekai; Ilai ahohitarra;

30 Netofako Mahrai; Heled, Netofako Baanaren semea;

31 Itai, Gibako Ribai benjamindarraren semea; Piratongo Benaias;

32 Gaax ibarreko Hurai; Arabako Abiel;

33 Bahurimgo Azmabet; Xaalbongo Eliahba;

34 Gizongo Bene-Haxem; Jonatan, Harargo Xageren semea;

35 Ahiam, Harargo Sakarren semea; Elifal, Ur-en semea;

36 Mekerateko Hefer; Pelongo Ahias;

37 Karmelgo Hetzro; Naarai, Ezbairen semea;

38 Joel, Natanen anaia; Mibhar, Hagriren semea;

39 Amongo Tzelek; Beroteko Nahrai, Tzeruiaren seme Joaben ezkutaria;

40 Jetergo Ira eta Gareb;

41 Urias hitita; Zabad, Ahlairen semea;

42 Adina, Xiza rubendarraren semea, rubendarren buruzagia, eta honekin batera beste hogeita hamar gudari.

43 Hanan, Maakaren semea; Josafat mitnitarra;

44 Axtaroteko Uzias; Xama eta Jeiel, Aroerko Hotamen semeak;

45 Jediael eta honen anaia Joha, Ximri titzearraren semeak;

46 Mahabimgo Eliel; Jeribai eta Joxabias, Elnaamen semeak; Moabeko Itma

47 eta Tzobako Eliel, Obed eta Jaasiel.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29