1 Kronikak 26 EABD

Lebitar atezainen zerrenda

1 Atezain-taldeak ere antolatu zituzten. Koreren ondorengoen artean: Mexelemias, Koreren semea, Asafen senitartekoa.

2 Mexelemiasen semeak: lehenengoa Zakarias, bigarrena Jediel, hirugarrena Zebadias, laugarrena Jatniel,

3 bosgarrena Elam, seigarrena Johanan eta zazpigarrena Elihoenai.

4 Obed-Edomen semeak: lehena Xemaias, bigarrena Jozabad, hirugarrena Joah, laugarrena Sakar, bosgarrena Netanel,

5 seigarrena Amiel, zazpigarrena Isakar eta zortzigarrena Peuletai. Zortzi seme emanez bedeinkatua zuen Jainkoak Obed-Edom.

6 Honen seme Xemaiasen semeak gudari ausart eta beren senitarteetan agintedun izan ziren.

7 Hona hemen izenak: Otni, Rafael, Obed, Elzabad eta hauen anaia ausartak Elihu eta Semakias.

8 Obed-Edomen ondorengo hauek, baita berauen seme eta ahaideak ere, guztira hirurogeita bi, gizon ausartak izan ziren eta beren eginkizunak betetzeko gogotsu.

9 Mexelemiasen seme eta ahaideak hemezortzi gizon ausart izan ziren.

10 Merariren seme Hosak seme hauek izan zituen: lehena Ximri, lehen-seme ez izan arren bere aitak buruzagi ezarria;

11 bigarrena Hilkias, hirugarrena Tebalias eta laugarrena Zakarias. Hosaren seme eta ahaideak, guztira, hamahiru izan ziren.

12 Hauek guztiak atezain-taldekoak ziren; beren familiaburuekin batera, Jaunaren etxeko zerbitzua eman zieten, beste lebitarrei bezala.

13 Senitartez senitarte, zerbitzua zein atetan egin jakiteko zotz egin zituzten bai gazteak, bai adinekoak.

14 Ekialdeko atea Xelemiasi atera zitzaion zozketan, eta haren seme Zakariasi, aholku-emaile zuhur hari, iparraldekoa.

15 Obed-Edomi hegoaldekoa atera zitzaion, eta haren semeei biltegiak zaintzea.

16 Xupimi eta Hosari mendebaldeko atea atera zitzaien, Xaleket izenekoa, gorako bide aldera dagoena.Honela zeuden eratuak zaintzaldiak:

17 ekialdeko atean egunero sei lebitar, iparraldekoan egunero lau lebitar, hegoaldekoan egunero lau lebitar, eta biltegian bina lebitar;

18 mendebaldeko plazarako lau lebitar izendatu zituzten bidean egoteko, eta beste bi plazan bertan egoteko.

19 Hauek ziren Koreren eta Merariren ondorengoez osaturiko atezain-taldeak.

Eginkizun bereziko lebitarrak

20 Haien senide ziren beste lebitar batzuek tenpluko altxorrak eta gauza sakratuak behar zituzten zaindu.

21 Hauen familiaburuak Jehieliren ondorengoak ziren; Jehieli hau Ladanen semea zen eta hau Gerxonena.

22 Jehieliren seme Zetam eta honen anaia Joel Jaunaren etxeko altxorren arduradun ziren.

23 Amram, Itzhar, Hebron eta Uzielen ondorengoen artetik,

24 Gerxomen seme eta Moisesen biloba Xebuel zen altxor guztien arduradun nagusi.

25 Honen ahaideak, Eliezerren jatorritik, honako hauek ziren: Eliezerren seme Rehabias, honen seme Isaias, honen seme Joram, honen seme Zikri eta honen seme Xelomit.

26 Xelomit honek eta beronen ahaideek behar zituzten zaindu David erregeak, familiaburuek, milako eta ehuneko gizon-taldeen ofizialek eta gudalburuek Jainkoari eskainitako altxor eta gauza sakratuak.

27 Gauza haiek guduetan harturiko harrapakinak ziren, Jaunaren etxeari eusteko emanak.

28 Orobat, Xelomitek eta beronen ahaideek behar zuten zaindu Samuel profetak, Kixen seme Saulek, Nerren seme Abnerrek eta Tzeruiaren seme Joabek Jainkoari eskainiriko guztia.

29 Itzharren ondorengoen artekoa zen Kenaniasek eta beronen semeek Israelgo kanpo-arazoez arduratu behar zuten, idazkari- eta epaile-eginkizuna betez.

30 Hebronen ondorengoen arteko ziren Haxabiasek eta honen ahaideek —mila eta zazpiehun gizon ausart— zuten Jordan ibaiaz mendebaldeko israeldarren arazo erlijioso nahiz zibilen ardura.

31 Hebronen beste ondorengo batzuen buruzagia Jerias zen. Ondorengo horien artean ikerketak egin ziren, senitartez senitarte, Daviden erregealdiko berrogeigarren urtean, eta gudari adoretsuak aurkitu zituzten Galaadeko Jazer-en.

32 Jeriasen ahaideak bi mila eta zazpiehun gizon ausart ziren, denak familiaburu; David erregeak Rubenen eta Gaden leinuen eta Manasesen ekialdeko leinu erdiaren lurraldeetako arduradun egin zituen, arazo erlijioso eta zibiletarako.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29