1 Kronikak 23 EABD

Davidek lebitarren artean zerbitzaldiak antolatu

1 Davidek, zaharturik eta urtetan aurreraturik, bere seme Salomon izendatu zuen Israelgo errege.

2 Gero, Israelgo buruzagi guztiak, apaizak eta lebitarrak bildu zituen.

3 Hogeita hamar urtez gorako lebitarrak, banan-banan zenbaturik, hogeita hemezortzi mila lagun ziren.

4 Hauetarik hogeita lau milak Jaunaren etxeko lanak egin behar zituen; sei milak idazkari eta epaile-lana egin behar zuen;

5 lau milak atezain izan behar zuen, eta beste lau milak Jauna goretsi behar zuen, horretarako Davidek egin zituen musika-tresnak joz.

6 Davidek hiru sailetan banatu zituen lebitarrak, Lebiren seme Gerxon, Kehat eta Merariren famili taldeen arabera.

7 Gerxonek honako seme hauek izan zituen: Ladan eta Ximei.

8 Ladanen semeak hiru hauek izan ziren: lehena Jehiel, gero Zetam eta Joel.

9 Ximeiren semeak hiru hauek izan ziren: Xelomit, Haziel eta Haran.

10 Ximeik beste lau seme hauek ere izan zituen: Jahat, Ziza, Jeux eta Beria.

11 Jahat izan zen lehen-semea, Ziza bigarrena; Jeux eta Beria, berriz, seme asko izan ez zutenez, funtzionario-talde bakartzat hartu zituzten.

12 Kehaten semeak honako lau hauek izan ziren: Amram, Itzhar, Hebron eta Uziel.

13 Amramen semeak: Aaron eta Moises. Aaron eta beronen ondorengoak toki Santu Santuaren zerbitzurako, Jaunaren aurrean intsentsua erretzeko, kulturako eta Jaunaren izenean bedeinkazioa beti emateko bereizi zituzten.

14 Moises Jainkoaren gizona izan zen eta haren ondorengoak lebitarren arteko egin zituzten.

15 Moisesen semeak Gerxom eta Eliezer izan ziren.

16 Gerxomen lehen-semea Xebuel izan zen.

17 Eliezerren lehen-semea Rehabias izan zen. Eliezerrek ez zuen beste semerik izan; baina Rehabiasen ondorengoak anitz izan ziren.

18 Itzharren lehen-semea Xelomit izan zen.

19 Hebronen semeak honako hauek izan ziren: lehena Jerias, bigarrena Amarias, hirugarrena Jahaziel eta laugarrena Jekamam.

20 Uzielen semeak hauek izan ziren: lehena Mika eta bigarrena Ixias.

21 Merariren semeak: Mahli eta Muxi. Mahliren semeak: Eleazar eta Kix.

22 Eleazar semerik gabe hil zen, baina izan zituen alabak, eta hauek beren lehengusuen emazte izan ziren, hau da, Kixen semeenak.

23 Muxik hiru seme hauek izan zituen: Mahli, Eder eta Jeremot.

24 Horiek izan ziren Lebiren ondorengoak, nor bere senitartean; familiaburu izan ziren, erroldan banan-banan sartuak. Hogei urte betez gero, Jaunaren etxeko zerbitzua zuten eginkizun.

25 Izan ere, esana zuen Davidek: «Jauna, Israelen Jainkoa, bere herriari atsedena eman ondoren, Jerusalemen bizi da betiko.

26 Lebitarrek ez dute aurrerantzean Jaunaren egoitza eta kulturako tresnak inondik inora eraman beharrik».

27 Daviden azken erabaki hauen arabera, hogei urtez gorako lebitarrak sartu zituzten zerrendetan.

28 Aaronen ondorengoen esanetara jardun behar zuten Jaunaren etxeko zerbitzuan, atariez, gelez, gauza sakratu guztien garbikuntzaz eta Jainkoaren etxeko kultuaz arduratuz.

29 Jaunari eskainiriko ogiez, eskaintzetarako ogi-irinaz, legamia gabeko opilez, zartaginean erretako opilez, oliotan bustiriko taloez, pisu eta neurriez ere arduratu behar zuten.

30 Egunero, goiz eta arratsalde, tenpluan egon behar zuten Jauna ospatu eta goresteko;

31 baita Jaunari egin ohi zizkioten erre-opari guztietan, larunbat, ilberri-jai eta jai nagusietan ere. Horretarako, erabakia zegoen beti, zenbat lagun etorri Jaunaren aurrera.

32 Elkarketa-etxola zaindu behar zuten, baita gauza sakratuak ere, eta beren senide zituzten Aaronen ondorengoen esanetara egon behar zuten Jaunaren etxeko zerbitzuan.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29