1 Kronikak 15 EABD

Davidek kutxa eramatea antolatu

1 Davidek etxeak eraikiarazi zituen Daviden Hiria zeritzan alderdi hartan. Jainkoaren kutxa ezartzeko tokia aukeratu eta oihal-etxola prestatu zuen bertan.

2 Gero, esan zuen: «Lebitarrek beste inork ezin du eraman Jainkoaren kutxa, Jaunak aukeratu baititu Jaunaren kutxa eraman eta beti zerbitza dezaten».

3 Bilarazi zituen Davidek israeldar guztiak Jerusalemen, Jaunaren kutxa berak prestatua zion tokira igotzeko.

4 Era berean, bilarazi zituen Aaronen ondorengo ziren apaizak eta lebitarrak ere.

5 Hona hemen bildu ziren lebitarrak: Kehaten senitarteko ehun eta hogei lagun, Uriel buru zutela;

6 Merariren senitarteko berrehun eta hogei lagun, Asaias buru zutela;

7 Gerxomen taldeko ehun eta hogeita hamar lagun, Joel buru zutela;

8 Elitzafanen taldeko berrehun lagun, Xemaias buru zutela;

9 Hebronen taldeko laurogei lagun, Eliel buru zutela;

10 Uzielen taldeko ehun eta hamabi lagun, Aminadab buru zutela.

11 Ondoren, Davidek Tzadok eta Abiatar apaizei eta Uriel, Asaias, Joel, Xemaias, Eliel eta Aminadab lebitarrei dei egin

12 eta esan zien: «Zuek zarete lebitarren familiaburuak. Egitzazue garbikuntzak, zuek eta zuen ahaideek, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, kutxa nik atondu diodan tokira igotzeko.

13 Lehenbiziko aldi hartan zuek han ez zinetenez, Jaunak, gure Jainkoak, zigortu egin gintuen, haren erabakiak bete ez genituelako».

14 Apaizek eta lebitarrek, beraz, egin zituzten garbikuntzak, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, kutxa eraman ahal izateko.

15 Eta lebitarrek eraman zuten Jainkoaren kutxa, haga gainean sorbaldan harturik, Jaunaren esanera Moisesek agindu bezala.

16 Lebitarren artean kantariak izendatzeko agindu zien Davidek lebitar buruzagiei; haiek, musika-tresnak hartuz, harpak, zitarak eta txilinak jo behar zituzten ozenki, alaitasuna adieraziz.

17 Lebitarrek, eginkizun horretarako, honako hauek izendatu zituzten: Joelen seme Heman eta honen ahaideetakoa zen Asaf, Berekiasen semea; Merariren senitarteko Etan, Kuxaiasen semea,

18 eta hauekin batera bigarren mailako lebitar ziren Zakarias, Aziel, Xemiramot, Jehiel, Uni, Eliab, Benaias, Maaseias, Matitias, Elifele, Mikneias, Obed-Edom eta Jeiel. Hauek atezainak ziren.

19 Heman, Asaf eta Etan kantariek brontzezko txilinak jotzen zituzten;

20 Zakariasek, Azielek, Xemiramotek, Jehielek, Unik, Eliabek, Maaseiasek eta Benaiasek doinu meheko harpak jotzen zituzten;

21 Matitiasek, Elifelek, Mikneiasek, Obed-Edomek, Jeielek eta Azaziasek, berriz, doinu lodiko harpak, kantuari laguntzeko.

22 Lebitar eramaileen buru zen Kenaiasek antolatu behar zuen kutxaren eramatea, oso iaioa baitzen.

23 Berekias eta Elkana atezainek kutxa ondoan egon beharra zuten,

24 baita Obed-Edom eta Jehias atezainek ere. Xebanias, Josafat, Netanel, Amasai, Zakarias, Benaias eta Eliezer apaizek, berriz, turuta jo behar zuten Jainkoaren kutxaren aurrean.

Kutxa Jerusalemera heldu

25 David, Israelgo arduradunak eta milako taldeburuak, bozkarioz beterik, Jaunaren itun-kutxa Obed-Edomen etxetik ekartzera joan ziren.

26 Zazpi zezen eta zazpi ahari eskaini zituzten oparitzat, Jaunaren itun-kutxa zeramaten lebitarrei Jainkoak laguntzen zielako.

27 Lihozko mantua zeraman Davidek soinean, kutxa zeramaten lebitarrek, kantariek eta zeremoniaren zuzendari zen Kenaniasek bezalaxe. Lihozko efod apaiz-jantzia ere bazeraman soinean Davidek.

28 Israeldar guztiak igo ziren Jaunaren itun-kutxarekin batera, poz-oihu artean, adar, turuta, txilin, harpa eta zitarak joz.

29 Jaunaren itun-kutxa Daviden Hirira heltzean, Saulen alaba Mikalek, leihotik begiratuz, David erregea jauzika eta dantzari ikusi eta mespretxatu egin zuen barru-barrutik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29