6 Halaxe hil ziren Saul eta beronen hiru semeak. Egun berean errege-familia osoa galdu zen.
7 Haranean bizi ziren israeldarrak, beren gudarosteak ihes egin zuela eta Saul bere semeekin batera hil zela ikustean, beren hiriak utzi eta ihesi joan ziren. Orduan, filistearrak hiri haietan jarri ziren bizitzen.
8 Biharamunean, hildakoei lapurreta egitera etorri ziren filistearrak; orduan ikusi zuten hilotz zeudela Gilboa mendian Saul eta beronen semeak.
9 Sauli, lapurreta egin ondoren, burua moztu eta armak kendu zizkioten, eta filistearren artera mezulariak bidali zituzten, idoloen jauretxeetan herriari berri ematera.
10 Gero, beren jainkoetariko baten jauretxean utzi zituzten Saulen armak; burezurra, berriz, Dagon jainkoaren jauretxean josi zuten.
11 Filistearrek Sauli egina Galaadeko Jabexeko bizilagunek jakin zutenean,
12 jaiki ziren gizonik indartsuenak, Saulen eta semeen gorpuak hartu, Jabexera eraman eta Jabexeko tamarindoaren azpian ehortzi zituzten haien hezurrak. Gero, zazpi egunez barau egin zuten.