25 David, Israelgo arduradunak eta milako taldeburuak, bozkarioz beterik, Jaunaren itun-kutxa Obed-Edomen etxetik ekartzera joan ziren.
26 Zazpi zezen eta zazpi ahari eskaini zituzten oparitzat, Jaunaren itun-kutxa zeramaten lebitarrei Jainkoak laguntzen zielako.
27 Lihozko mantua zeraman Davidek soinean, kutxa zeramaten lebitarrek, kantariek eta zeremoniaren zuzendari zen Kenaniasek bezalaxe. Lihozko efod apaiz-jantzia ere bazeraman soinean Davidek.
28 Israeldar guztiak igo ziren Jaunaren itun-kutxarekin batera, poz-oihu artean, adar, turuta, txilin, harpa eta zitarak joz.
29 Jaunaren itun-kutxa Daviden Hirira heltzean, Saulen alaba Mikalek, leihotik begiratuz, David erregea jauzika eta dantzari ikusi eta mespretxatu egin zuen barru-barrutik.