1 David erregeak, bere etxean bizitzen jarri zenean, esan zion Natan profetari:—Hara, zedrozko etxean bizi naiz ni; Jaunaren itun-kutxa, aldiz, oihal-etxolan dago.
2 Natanek erantzun zion:—Bete zeure asmoa, zeurekin baituzu Jainkoa.
3 Gau hartan, ordea, Jainkoak hitz egin zion Natani, esanez:
4 «Zoaz eta esaiozu ene zerbitzari Davidi: “Honela mintzo da Jauna: Ez didazu zuk eraikiko etxea, ni bertan bizi nadin.
5 Ez naiz inoiz ere etxe batean bizi izan, israeldarrak askatu nituenetik gaurdaino; oihal-etxolan bizi izan naiz kanpalekuz kanpaleku.
6 Israeldar ororekin batera ibilia naizen bitarte osoan, esan al diet inoiz ene herri Israel zaintzeko agindu nien buruzagiei, niretzat zedrozko etxea egiteko?”
7 Esaiozu, gainera, ene zerbitzari Davidi: “Hau dio Jaun ahalguztidunak: Nik atera zintudan larreetatik, artaldeen artetik, ene herri Israelen agintari izateko.