2 Davidek esan zuen: «Har dezadan Nahaxen seme Hanun, beronen aitak ni hartu ninduen bezain ongi». Eta Davidek mandatariak igorri zizkion, aitaren heriotzagatik doluminak ematera. Heldu ziren, bada, Daviden zerbitzariak amondarren lurraldera, Hanunen etxera, doluminak emateko asmoz,
3 baina amondarren buruzagiek esan zioten Hanun erregeari: «Zuen aita ohoratzeko kontsolatzaileak direla uste al duzu Davidek bidali dizkizun horiek? Ez ote zaizu jende hori gure lurraldea ikertzera, nahasmendua sortzera eta zelatatzera etorri?»
4 Atzeman zituen, orduan, Hanunek Daviden mandatariak eta bizarra moztu zien, baita jantziak ere erditik behera, ipurmasailetatik behera. Gero, bidali egin zituen
5 eta haiek alde egin zuten. Davidek, gertatuaren berri eman ziotenean, beraien bila bidali zituen batzuk, gizon haiek oso lotsatuak baitzeuden. Erregeak esan zien: «Geldi zaitezte Jerikon, bizarra hazi arte. Orduan itzuliko zarete».
6 Davidentzat gorrotagarri egin zirela ohartu zirenean, Hanun erregeak eta amondarrek ia hogeita hamabost tona zilar eralgi zituzten Ipar Mesopotamia, Maaka eta Tzobako siriarrei guda-gurdiak eta zaldizkoak alokatzeko.
7 Maakan hogeita hamabi mila guda-gurdi eskuratu zituzten, baita bertako erregea ere bere gudaroste eta guzti. Honek etorri eta Medaba hiriaren aurrean ezarri zuen kanpalekua; amondarrak, berriz, beren hirietatik etorriz, elkarrekin bildu ziren gudurako.
8 Davidek, hori jakin zuelarik, Joab bidali zuen bere gudaroste adoretsuarekin.