3 baina amondarren buruzagiek esan zioten Hanun erregeari: «Zuen aita ohoratzeko kontsolatzaileak direla uste al duzu Davidek bidali dizkizun horiek? Ez ote zaizu jende hori gure lurraldea ikertzera, nahasmendua sortzera eta zelatatzera etorri?»
4 Atzeman zituen, orduan, Hanunek Daviden mandatariak eta bizarra moztu zien, baita jantziak ere erditik behera, ipurmasailetatik behera. Gero, bidali egin zituen
5 eta haiek alde egin zuten. Davidek, gertatuaren berri eman ziotenean, beraien bila bidali zituen batzuk, gizon haiek oso lotsatuak baitzeuden. Erregeak esan zien: «Geldi zaitezte Jerikon, bizarra hazi arte. Orduan itzuliko zarete».
6 Davidentzat gorrotagarri egin zirela ohartu zirenean, Hanun erregeak eta amondarrek ia hogeita hamabost tona zilar eralgi zituzten Ipar Mesopotamia, Maaka eta Tzobako siriarrei guda-gurdiak eta zaldizkoak alokatzeko.
7 Maakan hogeita hamabi mila guda-gurdi eskuratu zituzten, baita bertako erregea ere bere gudaroste eta guzti. Honek etorri eta Medaba hiriaren aurrean ezarri zuen kanpalekua; amondarrak, berriz, beren hirietatik etorriz, elkarrekin bildu ziren gudurako.
8 Davidek, hori jakin zuelarik, Joab bidali zuen bere gudaroste adoretsuarekin.
9 Amondarrak, beraz, borrokarako lerrotan jarri ziren hiri-sarreran. Laguntzera etorritako erregeak, berriz, beste toki batean zeuden landan.