2 Amondarren sasijainko Milkomek hogeita hamabost kiloko koroa zuen, harribitxi eder batekin. Irudiari harribitxi hura kendu eta Davidi ezarri zioten buruan. Davidek harrapakin ugari eraman zuen hiri hartatik.
3 Gero, hango jendea irtenarazi eta zerraz, burdinazko pikotxez eta aizkoraz lan egitera behartu zuen. Horixe bera egin zuen Davidek amondarren hiri guztietan. Ondoren, David Jerusalemera itzuli zen bere gudaroste osoarekin.
4 Gerora, beste gatazka bat izan zen Gezer hirian filistearren aurka. Huxako Sibekaik hil egin zuen Sipai, refatarren ondorengoetarikoa, eta menderatu egin zituen filistearrak.
5 Filistearren kontrako beste gatazka batean, Jairren seme Elhananek hil egin zuen Gateko Lahmi, Goliaten anaia; haren lantza-kirtena ehuleen ardatza adinakoa zen.
6 Gero, beste gatazka bat ere izan zen Gaten. Bazen han gizon erraldoi bat, esku-oinetan seina behatz, orotara hogeita lau, zituena, refatarren jatorrikoa hura ere.
7 Erronka egin zien honek israeldarrei, baina Daviden anaia Ximearen seme Jonatanek hil egin zuen.
8 Erraldoi hauek Gateko refatarren jatorrikoak ziren. Davidek eta honen ofizialek garaitu egin zituzten.