1 Behinola, jaiki zen Satan Israelen kontra eta israeldarren erroldatzea egitera bultzatu zuen David.
2 Erregeak agindu zien Joabi eta herriko buruzagiei:—Zoazte eta zenbatu israeldarrak Beer-Xebatik hasi eta Daneraino, eta ekar iezadazue horren emaitza, zenbat diren jakin dezadan.
3 Joabek erantzun:—Orain dena baino ehun bider handiago egin dezala Jaunak bere herria! Baina, ene errege jauna, ez al dituzu denak zeure zerbitzari? Zertarako egin nahi duzu ikerketa hori? Zertarako egin errudun Israel?
4 Hala ere, erregearen agindua onartu behar izan zuen Joabek. Honek, Israel osoan barrena ibili ondoren, Jerusalemera itzuli eta
5 erakutsi zion Davidi erroldatzearen emaitza: Israelen milioia eta ehun mila gizon ziren gudurako gai, eta Judan laurehun eta hirurogeita hamar mila.
6 Horien artean Joabek ez zituen lebitarrak eta benjamindarrak sartu, erregearen agindua higuingarria iruditu zitzaiolako.