12 Eman diezazkizula Jaunak zuhurtasuna eta buruargitasuna Israelen errege egingo zaituztenean, Jaunaren, zeure Jainkoaren, legea betetzeko.
13 Izan ere, Jaunak Moisesen bidez Israeli emaniko agindu eta erabakiak betetzen badituzu, denetan onik aterako zara. Izan kemen eta adore! Ez beldurtu, ez izutu!
14 «Jaunaren etxea egiteko, hiru mila tona urre baino gehiago, hogeita hamar mila tona zilar eta ezin pisatu ahalako brontze- eta burdin multzoa biltzen ahalegindu naiz. Zura eta harria ere prestatu ditut. Eta zuk gehiago bilduko duzu.
15 Langile ugari duzu zeure esku: harri-pikatzaile, hargin, zurgin eta era guztietako lanetan iaioa den jendea.
16 Zenbatu ezin hainbat urre, zilar, brontze eta burdina ere baduzu zeure esku. Tira, bada, ekin lanari! Eta izan bedi Jauna zurekin!»
17 Davidek, hala berean, Israelgo buruzagi guztiei Salomon bere semeari laguntzeko agindu zien, esanez:
18 «Ez al duzue zeuekin Jauna, zeuen Jainkoa? Alde guztietatik lasaitasuna eman dizue, lurraldeko bizilagunak nire agintepean jarriz. Orain, Jaunaren eta beronen herriaren menpe daude.