26 Xelomit honek eta beronen ahaideek behar zituzten zaindu David erregeak, familiaburuek, milako eta ehuneko gizon-taldeen ofizialek eta gudalburuek Jainkoari eskainitako altxor eta gauza sakratuak.
27 Gauza haiek guduetan harturiko harrapakinak ziren, Jaunaren etxeari eusteko emanak.
28 Orobat, Xelomitek eta beronen ahaideek behar zuten zaindu Samuel profetak, Kixen seme Saulek, Nerren seme Abnerrek eta Tzeruiaren seme Joabek Jainkoari eskainiriko guztia.
29 Itzharren ondorengoen artekoa zen Kenaniasek eta beronen semeek Israelgo kanpo-arazoez arduratu behar zuten, idazkari- eta epaile-eginkizuna betez.
30 Hebronen ondorengoen arteko ziren Haxabiasek eta honen ahaideek —mila eta zazpiehun gizon ausart— zuten Jordan ibaiaz mendebaldeko israeldarren arazo erlijioso nahiz zibilen ardura.
31 Hebronen beste ondorengo batzuen buruzagia Jerias zen. Ondorengo horien artean ikerketak egin ziren, senitartez senitarte, Daviden erregealdiko berrogeigarren urtean, eta gudari adoretsuak aurkitu zituzten Galaadeko Jazer-en.
32 Jeriasen ahaideak bi mila eta zazpiehun gizon ausart ziren, denak familiaburu; David erregeak Rubenen eta Gaden leinuen eta Manasesen ekialdeko leinu erdiaren lurraldeetako arduradun egin zituen, arazo erlijioso eta zibiletarako.